Lau eskaera jaso dira orain arte Bidebarrieta kaleko 24an udalak duen etxebizitza alokairuan hartzeko.

2014/12/29
Eskaerak aurkezteko epea, eguerdiko ordu bietan amaitu da.

  Bidebarrieta kaleko 24an, hirugarren solairuko D etxebizitza da udalak alokairura atera duena. Une honetan, etxebizitza okupatuta dago. Indarrean dagoen kontratua datorren urteko maiatzaren 31n amaituko da baina azken ordura itxaron gabe, udalak, maizter berria izendatzeko prozesua martxan du. 

  Izaera sozialeko etxebizitzaz ari garenez, diru sarrera urriak eta etxe premia duenari alokatzea da helburua. Horretxegatik ez da hileroko errenta kopurua zehazten eta maizterraren diru sarreren arabera zehaztuko da.

  Interesatuek oinarrizko bi baldintza bete behar dituzte: Oñatin gutxienez 5 urtez erroldatuta egon eta bertan bizitzea eta diru sarreren aldetik, eskatzaileen eta bizikidetza unitatearen urteko diru-sarrerak, lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,7 aldiz handiagoak ez izatea.

  Eskatzaileen egungo bizitokiari ere erreparatuko zaio eta errentan bizitzea, bizi diren etxebizitza prekarioa edota, desjabetzeko prozesuan egotea kontutan hartuko da.

  Jasotzen diren eskaera guztiak, baldintza pleguan zehaztuta dauden baremoen arabera neurtuko dira. Eskatzaile bakoitzaren gizarte eta familia egoera, orain arte izan duen bizilekuaren egoera, lan gaitasuna eta egoera ekonomikoa egiaztatu eta baloratuko dira. Horren arabera, puntuaziorik altuena lortzen duen eskatzaileari alokatuko zaio udalak Bidebarrieta 24an duen 3.D etxebizitza.

  Baina laster beste etxebizitza baten alokairu prozesua jarriko da martxan. Azken osoko bilkuran, Zubillaga auzoko 38- lehenengo ezkerra den etxebizitza alokairura ateratzea erabaki baitzuen udalbatzak. Udal jabetzakoa den etxebizitza honetan hainbat konponketa lan egin dira. Ohikoa denez, iragarkia Gipuzkoako aldizkari Ofizialean argitaratuko da interesatuek beren eskaerak egin ditzaten.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Bidebarrieta kalea (googlemaps)