Larunbatean itxiko da katastroari buruzko informazio bulegoa

2017/01/12
Udalera hurbildu daitezkeen zergadunak kontu hartzailetzan hartuko dira aurrerantzean

  Abenduaren 30ean amaitu zen Diputazioak jakinarazi dituen katastro balio berriekiko erreklamazioak egiteko epea. Tramite hori betetzen laguntzen aritu dira bi hilabetez udaletxean propio egokitu zen katastroari buruzko informazio bulegoan. Baina urte berria hasi denez geroztik apenas izan dituzten kontsultarik. Enpresa ordezkariren bat besterik ez, industrial katastro balio berriei buruzko komunikazioak berandutu egin direlako. Halako kontsultak udaleko kontu hartzailetzan hartu dituzte eta halaxe egiten jarraituko dute larunbatetik aurrera, hau da, katastroari buruzko behin behineko informazio bulegoa itxi ondoren.

  Informazio bulegoko arduraduna zerbitzuaren txostena prestatzen ari da; jaso diren kontsulta kopurua, izaera, kontsultarako erabili diren bideak, eskatu den informazio konkretua eta nora eta nola zuzendu diren, besteak beste.  Herritar partikularren kontsulta gehienak telefonoz jaso eta argitu dituzte baina izan da Diputazioari erreklamazio formalik egin dionik, eta horiek bulegoan hartu dira.

  Pasa den urri amaieran hasi ziren Oñatira iristen hiritar izaerako ondasun higiezinen katastro-balio berrien komunikazioak. Gipuzkoako Foru Ogasunak lurzoru eta eraikin erresidentzial, industrial eta zerbitzuetakoen katastro balioak eguneratu zituen iaz eta horren berri jabeei jakinarazi zien. Komunikazioen haritik sortu zitezkeen zalantzak argitzeko asmoz egokitu zuen udalak aipatu informazio bulegoa udaletxeko areto nagusian. Bi hilabete eta erdi pasata ordea, bulegoa ixtea erabaki da. Larunbatean itxiko da. Bulegoa itxi arren informazio zerbitzuak jarraipena izango du eta aurrerantzean, argibideak behar dituzten zergadunak udaleko kontu hartzailetan hartuko dira.

Iturria: Oñati Irratia