Larrañako kirol instalazioak berritzeko lanak azaro erdialdean hasi eta urtarrila akaberarako amaitzeko asmoa du udalak.

2012/10/30
Futbol 9 jokatzeko belar artifizialezko zelaia egokituko da.

  Bi urte eta erdiren ondoren Larrañako kirol instalazioak erabiltzeko udalak eta hezkuntza sailak sinatu duten hitzarmenarekin pozik azaldu dira prentsaurrera, Mikel Biain alkatea eta Kepa Altube, Zuazola-Larraña institutuko zuzendaria.

  Larrañako pilotalekua konpondu eta herritarren erabilerarako hasi zen bidea, futbol zelaia berrituz osatuko dela esan du institutuko zuzendariak. Prozesu luzea izan den arren, sinatu berri den erabilera lagapen hitzarmenarekin pozik azaldu da.

  Instalazioak konpondu eta herritarren esku uzteko baimena 10 urtetarako eman du Hezkuntza Sailak. Hori da behintzat, alkateak sinatu duen hitzarmenean zehazten dena.

  Hitzarmena eskutan, lanak berehala hasi asmo dira. Udalak, pasa den uztailean eskatu zuen eraberritze lanetarako proiektua eta irailean eskuratu zuen.

  Fernando Azpiazuk eta Isabel Gordoak osatu duten proiektuaren arabera, Larrañan zegoen futbol zelaiaren kasik neurri bereko zelai berria egokituko da: 72 bidez 33 metroko zelaia. Hau da, futbol 9an jarduteko aukera emango duen zelaia.

  Sei zentimetroko luzera duen belar artifizialezko zelaia izango da. Hau inguratuz sarea jarriko da, ur kanalizazioa egingo da eta argiak ere instalatuko dira.

  Hasieran, skate gunea ere egitekoa zen baina lekurik ez dagoela argitu digu alkateak.

  Proiektua, 210.000 euroren truke lizitaziora aterako da. Kopuru horren, laurdena gutxi gora behera, 50.000 euro, Foru aldundiak emandako diru laguntzaz ordainduko da. Diru laguntza hori emateko konpromisoa urtarrilaren 31ra arte luzatzea adostu da  Diputazioko arduradunekin.

  Eta lanak egun horretarako, urtarrilaren 31rako amaitu daitezen, lehenbailehen martxan jarri nahi dira. Esleipena eginda, lanak, azaroaren erdialdera hasteko asmoa dago.

  Larrañako futbol zelaia, bertako ikasleek eskola egun eta ordutan erabiliko dute. Gainontzekoetan, herritarren esku utziko dira. Herriko futbol txapelketako partidak eta Aloña Mendiko kategoria gazteetakoak bertara aldatzeko asmoa dago.

Iturria: Oñati irratia