Lapurreta egin dute bart anbulatorioko aparkalekuan zeuden bi kotxetan eta Bidebarrieta kaleko hainbat garajetan

2018/01/09
Card image cap
Lapurreta bolada berri baten hasiera izan daitekeenaren beldur dira udaltzainak

  Aspaldian ez zen halako lapurretarik salatzen udaltzaingoan. Baina orain hurrengoan, lasaitasun bolada baten ondorengo astean, herriko gune ezberdinetan egindako lapurretak ia egunero errepikatu zirela gogoan du udaltzainburuak. Oraingoa ere halako lapurreta bolada baten hasiera izan daitekeenaren beldur dela adierazi digu.

  Lapurretak kalean zein itxitako garajeetan izan dira bart. Anbulatorio ondoko aparkalekuan zeuden bi kotxetako jabeek sarrailak apurtuta eta autoak irekita topatu dituzte gaur goizean. Barrutik hainbat gauza eraman dituztela adierazi diete udaltzainei. Aldi berean, Bidebarrieta kaleko hainbat garajetan ere lapurreta egin dutela salatu dute jabeek. Lurrazpiko garaje kolektibo honetako 10en bat garaje partikularretako ateak zabalik topatu dituzte goizean jabeek. Ohiko sistema erabili da garaje ateak irekitzeko: sarraila azpialdean zulotxoa eginda zabaldu dituzte. Lapurreta txikiak salatu dira: olio kaxaren bat, ardoa eta bestelako jaki batzuk. Gauza handirik ez, orain arte jaso dituzten salaketen arabera, udaltzainek jakinarazi dutenez. 

  Orain urte batzuk dela, Bidebarrieta kaleko 14tik sarrera duten garaje horietan lapurreta egiten saiatu ziren eta hainbat atetan ibili zireneko zantzuak topatu ziren. Baina nonbait, lapurrak uxatu zituen zarata edo mugimenduren bat izan zen eta aterik zabaldu gabe ihes egin zuten. Oraingoan, sarreratik urrinen, barrenenean dauden garajeetako ateak ireki dituzte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!