Oñatiko udala

Lapurrak San Lorentzoko garajeetan ibili dira bart gauean.

2012/03/21
Auzoa erdiz erdi banatzen duen errepidearen alboko garaje kolektiboan sartu dira. 20ren bat garaje ate apurtu dituztela jakinarazi du ertzaintzak.

   Guztietan lapurretarik egin ote duten ala ez jakiterik, ordea ez dago oraindik. Garaje jabe guztiekin harremanetan jartzerik ez dutelako izan. Gainera, oraindik lehen salaketak bakarrik jaso omen dira.
180ren bat garaje itxi daude San Lorentzoko 3. maila edo terraza azpian daudenak. Horietako asko, 20 inguru, ateko sarraila ondoan zuloa zutela agertu dira gaur goizean. Kaltetuak beraz asko dira. Atea apurtu ez ezik, ezer lapurtu dietenak berriz zenbat diren ikusteke dago oraindik.

  Gaur goizean zehar udaltzaingoan lehen salaketak hartu dituzte eta jatekoa, hestebete edo enbutidoak eta botilaren bat ardo eraman dietela salatu dute.

  Antzerako salaketak jaso dira Olakua auzotik ere. Gogoratu, domekatik astelehenerako gauean Olakua 4-5-6 eraikinetako hainbat garajetan ere lapurrak sartu zirela. Udaltzaingoan, 6 salaketa jaso dituzte eta ardoa, izozkailu edo arkoietan zituzten elikagaiak eta auto depositoetako erregaia lapurtu dietela adierazi dute gehienek.

  Ertzainak eta udaltzainak kezkatuta daude. Orain arte izaten ziren lapurretetan, dirua, edo xamur saldu zitezkeen telefono eta aparatu elektronikoak lapurtzen zirelako. Azkenaldi honetan gurean jarri diren salaketetan berriz, jatekoa lapurtu dietela diote. Batera edo bestera, salaketa egitea garrantzitsua dela azpimarratzen dute udaltzainek. Hala, zer, non eta zerbat lapurtu den jakin ahal izango baita.

  Datozen egunetan ezagutuko da beraz, bart San Lorentzoko garajeetan lapurtu direnak zenbatekoak izan diren. Barrutik ezer ez eraman arren, 20ren bat garaje ate aldatu beharko dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!