Oñatiko udala

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak eta OinHerri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak

2020/09/23
Card image cap
Herritar oro berez hezitzailea dela printzipioan oinarritzen da OinHerri herri hezitzaileen sarea

  OinHerri elkarteak zazpi printzipiotan oinarritzen du bere xedea eta honela formulatzen du: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea. Izan ere, herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak herritar oro berez hezitzaile direla aitortzen baitu.

  Osasun alarmak hala eraginda Udala eta Oinherri elkartearen arteko hitzarmena atzo sinatu zen arren, harremanak eta lankidetza orain hilabeteak direla hasi zen. Udalak, bereziki, nagusiei zuzendutako Esperientzia eskola proiektua beste udalerritan nola gauzatzen ari diren kontrastatzeko aukera izan du. Legealdi honetarako asmoetako bat da hain zuzen, Oñatin Esperientzia eskola abian jartzea. OinHerrik bere aldetik, gurean uztailean burutu zen Udako Zaintza Hezitzaile proiektua bereziki jarraitu du. Baina orokorrean, elkartea osatzen duten herri ezberdinetan gauzatzen ari diren egitasmoak elkarri azaltzean oinarritu da orain arteko ibilbidea.

  Atzo sinatu zen lankidetza hitzarmenaren iraupena urte naturala izango da, 2020ko abenduaren 31ra arte. Baina urtez urte luzatu ahal izango da, bi aldeak ados egonez gero. Izaro Elorza alkateak eta Amaia Etxabe OinHerriko presidenteak sinatu zuten hitzarmenaren arabera, Oñatiko udalak, 4.000 euroko ekarpena egingo du eta, trukean, herri hezitzaile izatearen ikuspegiarekin lanean diharduten beste herriekin esperientziak partekatu eta OinHerrik eskaintzen duen aholkularitza tekniko espezifikoa jasoko du.

  OinHerri elkartea herrien arteko sarea da. Une honetan sarean diharduten herriak dira: Oñati, Bergara, Zumaia, Azpeitia, Asteasu, Hernani, Baztan-Elizondo, Baigorri, Usurbil, Durango, Dima, Larrabetzu, Bakio, Mañaria, Ordizia, Orio, Otxandio eta Donostiako Egia auzoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!