Oñatiko udala

Langabeziak nabarmen egin du behera otsailean, 16 langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin

2019/03/04
Card image cap
Emakumeen langabezia murriztu da bereziki urteko bigarren hilabetean gurean

  Iraila-urriko mailara itzuli da Oñatiko langabezia otsaila amaieran. Urtarrilean, aspaldiko mailarik altuenera iritsi zen langabezia tasa, % 6,32ra, baina otsailean joera irauli eta puntu laurden baino gehiago murriztu da. Une honetan 328 langabe daude gurean, urtarrila akaberan baino 16 gutxiago. Aipagarria da gainera, emakumeen langabeziaren jaitsierak eragin duela murrizketa hori, adin tarte guztietako emakumeen artean jaitsi baita lan bila dabiltzanen kopurua. Gizonezkoen artean aldiz, 25 eta 44 urte artekoen artean izan ezik, gainontzeko taldeetan gora egin du langabeen kopuruak.

  Urtebete atzera eginez gero ordea, egoera ez da hain ona. Egun baino 2 langabe gutxiago zeuden Oñatin eta emakumeen portzentajea txikiagoa zen, langabeen % 56a emakumeak ziren iaz eta % 62,5 aurtengo otsaila amaieran.

  Hego Euskal Herrian ere langabeziak behera egin du SEPEren azken datuen arabera. Nafarroan gora egin du langabe kopuruak azken hilabetean baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin du eta orokorrean, 627 langabe gutxiago zenbatu dira. Iazko otsailean baino 9.861 gutxiago. Langabezia tasa, beraz, %11,54 da Hego Euskal Herria mailan.

  Otsailean sinatutako kontratu berrien %91 aldi baterakoak izan ziren. Joan den hilabetean, denera, 95.439 kontratu berri sinatu zituzten, iaz baino %2,11 gehiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!