Langabeziak nabarmen behera egin du Oñatin

2017/04/04
Langabezia tasa % 7tik jaitsi da berriro, iazko azaroan gertatu bezala

  Martxoan, urteetan, langabeziak behera egin izan du gurean baina 2015 eta 2016an ez zen halakorik gertatu. Aurten, azken bi urteetako joera iraulita, berriro behera egin du lanik gabe dauden oñatiarren kopuruak eta beherakada nabarmena izan da. Ostiralean, martxoaren 31n, otsaila amaieran baino 20 herritar gutxiago zeuden Lanbideko zerrendetan izena emanda. Murrizketa gainera, kasik orokorra izan da sexua eta adinari erreparatuta, 25 urtez azpiko emakumeen artean soilik kontabilizatu dira aurreko hilean baino langabetu gehiago. Gizonezkoen artean, 13 langabetu gutxiago zenbatu dira martxoan eta emakumeen artean berriz, 7 gutxiago. Jaitsiera orokor horrek, herriko langabezia tasa % 7aren azpitik kokatu du (%6.93). Azaroan ere halaxe gertatu zen eta orduan esan genuenez, 2011tik ez genuen halako langabezia tasa baxurik aipatzen. Abenduan ordea, langabeziak gora egin zuen berriro eta beste 3 hilabeteetan % 7aren goitik egon da Oñatiko langabezia tasa. Apirilean tradizionalki, langabeziak behera egin ohi du gurean, ikusi egin beharko da zer gertatzen den.

  Orain urtebeteko datuak eskutan, Oñatin, iazko martxoan baino 53 langabetu gutxiago daude une honetan, horrek, langabezia tasa puntu bat murriztea ekarri du. Egoera hobea da bereziki emakumezkoen artean. Izan ere, une honetan iazko martxoan baino 14gizonezko gutxiago baitaude enplegu zerbitzuan izena emanda baina emakume langabeen aldea berriz, 39 gutxiago da gaur egun.

  Hego Euskal Herrian, Oñatin bezala, bigarren hilabetez jarraian behera egin du langabeziak eta jaitsiera lau lurraldetan gertatu da. Datu orokor horiei begiratuta, lanik gabe daudenen kopurua jaitsi da martxoan eta gora egin du lan egiten ari direnena. Zehazki, batez beste otsailean baino 5.100 lagun gehiago daude Gizarte Segurantzan kotizatzen, duela urtebete baino ia 26.000 gehiago. Eusko Jaurlaritzak oso ongi hartu ditu datuok, gogoraraziz, lehen aipatu bezala, krisia zabaldu zenetik martxoa ez dela beti ona izan lan merkatuarentzat.

Iturria: Oñati Irratia