Langabeziak nabarmen behera egin du martxoan Oñatin

2019/04/02
Card image cap
31 langabe gutxiago zenbatu dira eta langabezia tasa % 6tik behera kokatu da, iazko irailaz geroztik lehenengo aldiz

  297 langabe zeuden herrian martxo amaieran, otsailean baino 31 gutxiago. Jaitsiera nabarmen honek, otsailean hasitako beheranzko joera indartzen du. Urtea aspaldiko kopururik altuena erregistratu zela esanez hasi genuen baina orain, urtarrilean baino 47 langabe gutxiago daude herrian. Horrek, langabezia tasan eragina izan du noski, eta urtarrileko datuarekiko kasik puntu bat jaitsi da. Iazko irailetik herriko langabezia % 6tik gora ikusi dugu hilabetez-hilabete baina une honetan, % 5,46 da.

  Langabeziak adin guztietako gizon nahiz emakumeen artean egin du behera azken hilabetean Oñatin, baina langabeen sexuari erreparatuta, berriak ez dira hain positiboak, proportzioan, emakumeen langabeziak gora egiten jarraitzen baitu. Eta hori, azken urtean behin eta berriz errepikatzen ari da. Otsailean, langabezian zeuden 100 oñatiarretatik 62 emakumeak ziren, martxoan berriz, 63. Iazko martxoan berriz, langabezia handiagoa izanagatik, egoera horretan zeudenen % 55 zen emakumea.

  2018an langabeziak gora behera txikiak izan zituen Oñatin, udaberri eta udako hilabeteetan neurtu ziren tasarik baxuenak baina urtea, kasik hasi bezala amaitu zen % 6,1eko tasaz. 2019a oker hasi zen, ohikoa denez, urtearekin amaitu ohi diren kontratuen eraginez gora egin zuelako langabeen kopuruak, baina otsailak eta bereziki martxoak, beheranzko joera sendotu dute.

  Hego Euskal Herrian ere murriztu egin da langabe kopurura eta 2.057 gutxiago zenbatu dira martxoan. Horrek esan nahi du 151.645 pertsona daudela lanik gabe Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian. Lurraldeka, Gipuzkoak izan du beherakada nabarmenena eta Nafarroan motelena, baina guztietan egin du maila handiagoan edo txikiagoan behera langabe kopuruak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!