Langabeziak nabarmen behera egin du berriro Oñatin 39 lagun gutxiago erregistratuta

2017/05/04
Card image cap
Hirugarren hilabetez jarraian jaitsi da langabetuen kopurua gurean

  325 oñatiar zeuden apirila amaieran Lanbideko bulegoetan erregistratuta. Horrek esanahi du martxo akaberan baino 39 gutxiago zeudela izena emanda. Jaitsiera handia izan da eta hori langabezia tasan ere islatu da, hilabeteko tartean % 6,93tik % 6,19ra jaitsi baita. Datuak dezentez esanguratsuagoak dira Oñatiko langabetuen kopuruak hirugarren hilabetez jarraian behera egin duela esanez gero, eta ez gutxi gainera. Urtarrilean orain baino 67 langabetu gehiago baitzeuden Oñatin, Lanbidetik jasotako datuen arabera. Iazko apirila amaierako kopuruekin alderatuta berriz, aldea handiagoa da eta orain baino 93 langabetu gehiago zeuden erregistratuta.

  Azken hilabete honetan langabeziak behera egin du bai gizon nahiz emakumezkoen artean eta adin tarte guztietan. Ondorioz, langabezia tasa % 6,19ra jaitsi da Oñatin, 2011tik ikusten ez genuen mailara alegia.

  Hego Euskal Herrian ere behera egin du langabe kopuruak apirilean, martxoko datuarekin alderatuz gero. Hegoaldeko herrialde guztietan urritu da kopurua, eta, batez beste, Nafarroan eta Gipuzkoan murriztu da batez ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!