Langabeziak igoera nabaria izan du uztaila eta abuztuan gurean.

2014/09/02
Ekainean baino 37 langabetu gehiago daude orain Oñatin. Herriko langabezia tasa %9aren gainetik dago berriro ere, apirila amaierako datuen pare.

  Uda beteko bi hilabeteetan langabeziak etengabe gora egin du Oñatin. Uztailean, ekainean baino 20 langabetu gehiago erregistratu ziren eta abuztuan berriz, beste 17. Horrek esanahi du, maiatzean %9aren azpitik kokatu zen langabezia tasa berriro 9ko maila horretara igo dela. Une honetan, Oñatiko 481 langabetu daude Lanbideko bulegoetan izena emanda, edo beste era batera esanda, populazio aktiboaren %9,16 langabezian dago.

  Aipagarria da gainera, azken bi hilabeteotan erregistratu den igoera bereziki emakumeen artean gertatu dela. Abuztu amaieran, ekainean baino 33 emakume gehiago ziren lana topatu ezinda zebiltzanak.

  Azken urteetako datuei erreparatuta esan genezake, Oñatin, normalean, uztailean langabeziak behera eta abuztuan apur bat gora egin ohi duela. Herriko enpresetan sortzen diren aldikako kontratuen joera historikoa edo, izan da. Aurten ordea, araua ez da bete eta abuztuan bezala, uztailean ere, gora egin zuen langabeen kopuruak.

  Hego Euskal Herrian ere orokorrean antzera gertatu da eta apirilaz geroztik langabeziaren joera beheranzkoa zen arren, azken hilabetean joera hori eten egin da.

  Oñatira itzulita, azterketa epea zabaldu eta orain urtebete jasotako datuekin konparatzen badugu, une honetan, herriko langabezia tasa puntu erdi beherago dagoela esan genezake. Iazko abuztuan, aurtengoan baino 10 langabetu gehiago zeuden herrian, 491 guztira. Azpimarratzekoa da ordea, orain urtebete lanik gabe zeuden emakumeen kopurua orain egoera berberean daudenena baino dexentez baxuagoa zela, aurten baino 20 emakume gutxiago iaz, langabezia datu orokorra handiagoa zen arren.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!