Langabeziak gora egiten jarraitzen du Oñatin

2020/09/03
Card image cap
Abuztuan 488 langabe erregistratu dira eta langabezia tasa % 8,97 da jada, orain urtebete baino 3 puntu altuagoa

  Abuztuan langabeziak gora egin ohi du gurean eta aurten ere halaxe gertatu da. Iazko datuak eskutan esan behar da abuztuan ez ezik uztailean ere gora egin zuela langabeziak Oñatin. Aurten ere halaxe gertatu da, eta aipagarria da gainera, enplegu galera handiagoa izan zela iaz; uda beteko bi hilabeteetan 21 langabe gehiago zenbatu ziren iaz, eta aurten 18 gehiago izan dira. Baina egoera kezkagarriagoa da orain, enplegu galera horrek ez duelako etenik izan urtea hasi zenetik eta osasun egoerak areagotu egin duelako. Abuztu amaieran 488 langabe erregistratu ziren Oñatin, uztailean baino 14 gehiago eta otsailean baino 134 gehiago. Langabezia tasa berriz, %6,51tik 8,97ra handitu da pandemia nagusitu den sei hilabeteetan. Orain urtebeteko datuekin alderatuta berriro, langabezia tasak hiru puntu egin du gora.

  Iluntzen ari den egoera honetan bada ordea argiunerik ere, lana topatu nahian dabiltzan gizon eta emakumeen portzentajeak parekatzeko joerari eusten baitio. Une honetan, Oñatin langabe daudenen % 47a gizonezkoak dira eta 53 emakumeak. Orain urtebete proportzio hori % 42 eta 58koa zen.

  Ingurura begiratuta ere gora egin du langabeziak Debagoienean; uztailean baino 103 herritar gehiago daude langabezian, bailaran. Udalerri gehienetan handitu egin da langabeen kopurua, Elgetan eta Leintz Gatzagan izan ezik. Ikusmira Hego Euskal Herrira zabalduta, langabeziak gora egin du baita ere, azken hilabetean uztailean baino 2.012 gehiago dago egun Hegoaldean. Nafarroan jaitsi da langabe kopurua baino gainerako lurraldeetan gora egin du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!