Langabeziak gora egin du urtarrilean Oñatin

2016/02/02
Card image cap
Azken hilabetean 22 langabetu gehiago erregistratu dira eta langabezia tasa % 7,92 da une honetan

  Ez da aparteko sorpresa izan langabeziak gora egin izana. Gurean urtarrilean gertatu ohi den joera da, udazkeneko kanpainari aurre egiteko gauzatzen diren kontratu asko urtearekin amaitzen baitira. Abenduan jada, egoera horren lehen zantzuak antzeman ziren, aurreko hilean baino 6 langabetu gehiago zenbatuta. Baina joera nabariagoa izan da urtarrilean, beste 22 langabetu kontabilizatu baitira. Udazkeneko lan kargari aurre egiteko kontratu asko azaroa-abenduan betetzen dira eta lanik gabe geratu diren lagunak abendu-urtarrilean joaten dira enplegu bulegora izena ematera. 2015a beraz, ez da berezia izan alde horretatik eta langabetuen kopuruak gora egin du gurean.

  Oñatin, lana topatu ezinda 416 herritar daude une honetan. Aipagarria da, 25 urtez azpiko gizonezkoen artean langabetu kopuruak pitin bat behera egin duela baina gainontzeko adin taldeetan, bai gizon nahiz emakumezkoen artean, gora egin du; berezik45 urte gorako emakumeen artean. Horiek, pasa den abenduko datuekin alderatuta.
Orain urtebeteko datuak hartuz gero, eta iazko urtarrilean langabeziak behera egin zuen arren, orokorrean egungo egoera hobea da. Iazko urtarrila amaieran, aurtengoan baino 39 langabetu gehiago zeuden Oñatin eta langabezia tasa 0,75 handiagoa zen, % 8.67, hain zuzen. Atentzioa ematen du orain urte bete lana topatu ezinean zeuden emakumezkoen kopurua egungoaren oso antzekoa zela, 242 orduan eta 249 gaur egun. Horrek adierazten digu gizonezkoen langabeziak nabarmen behera egin duela urtebeteko tarte honetan.

  Hego Euskal Herrian ere langabeziak gora egin du  azken hilabetean. Abenduan baino 6745 langabe gehiago baitaude Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan. Igoera, gehiago edo gutxiago, lurralde guztietan gertatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!