Langabeziak gora egin du urtarrilean.

2014/02/05
Card image cap
Azken hilabetean Oñatiko 18 langabetu gehiago erregistratu dira Lanbide bulegoan. Langabezia tasa %9,24 da une honetan gurean.

  Ez da aparteko sorpresa izan langabeziak gora egin izana. Gurean, urtarrilean gertatu ohi den joera da, kontratu asko urtearekin amaitzen baitira. Ondorioz, kontratua bete duten langileak urtarrilean joaten dira enplegu bulegora izena ematera. 2014a beraz, ez da berezia izan alde horretatik eta langabetuen kopuruak gora egin du gurean.

  Abenduko datuekin konparatuta, 18 langabetu gehiago erregistratu dira gurean eta une honetan Oñatin, lana topatu ezinda 485 herritar daude. Adin talde eta sexuari erreparatuta, langabeziak, 25 eta 44 urte bitarteko gizonezkoen artean eta 45 urte baino gehiago duten emakumeen artean egin du gora gurean. Baina aipagarria da bestaldera, 45 urtetik gorako gizonezkoen eta 25 eta 44 urte bitarteko emakumeen artean behera egin duela.

  Horiek, pasa den abenduko datuak eskutan. Orain urtebeteko datuak hartzen baditugu egoera hobea dela esatera ausartzen gara, iazko urtarrila amaieran, aurtengoan baino 36 langabetu gehiago baitzeuden Oñatin eta langabezia tasa kasik % 10ekoa zen. Atentzioa ematen du orain urte bete bezala orain ere lana topatu ezinean dauden gizonezkoen kopurua 239 dela. Kopuru berbera aurten eta iazko urtarrila amaieran. Horrek adierazten digu emakumeen langabeziak nabarmen behera egin duela urtebeteko tarte honetan eta kasik, parez pare daude une honetan lana topatu ezinean dauden Oñatiko gizon eta emakumeen kopuruak: 239 gizonezko, esan bezala, eta 246 emakumezko.
Hego euskal herrian ere gora egin du langabeziak azken hilabetean. Abenduan baino 8.472 langabe gehiago baitaude Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!