Langabeziak gora egin du berriro Oñatin

2018/12/04
Card image cap
Urriko jaitsiera apala iraulita orain urtebete baino 29 langabetu gehiago daude herrian

  Langabeziari dagokionean, urtebeteko tarteak ikuspegia argitzen duela esan genezake. Iazko udazkenean Oñatiko langabezia tasa % 5.6 zen, bataz beste, egun ordea, ia puntu erdi gorago dago, % 6,04. Kopuru errealetan ere hala agertzen zaigu, iraila amaieran 329 langabe zeuden Oñatin, urrian 327 eta azaroan berriz, 331. Hilabete batetik besterako gora behera txikia da, baina orain urtebetekoaren aldean esanguratsua, pasa den ostiralean iazko azaro amaieran baino 29 langabetu gehiago zeudelako Oñatin, Enplegu Zerbitzuaren datuen arabera.

  Maiatzetik abuztura Oñatiko langabezia tasa % 6aren azpitik kokatu zen baina irailetik aurrera, hilero, marka hori gainditu da. Une honetan 331 langabe daude Oñatin, horietatik 202 emakumeak dira. Horrek esanahi du lana topatu nahian dabiltzan 100 oñatiarretatik 61 emakumezkoak dira, orain urtebete, portzentaje hori ez zen % 54ra iristen. Azaro amaieran, iazko garai berean baino 29 langabetu gehiago zeudela esan dugu lehen, baina orduan langabezian zeuden gizonezkoak egun daudenak baino gehiago ziren, 11 gehiago. Beraz, urtebeteko tartean, emakumeen langabeziak egin du bereziki gora gurean.

  Oñatin langabeen kopuruak pitin bat gora egin du azken hilabetean baina Hego Euskal Herrian murriztu egin da eta 1079 gutxiago zenbatu dira. Orain urtebeteko datuekin alderatuta ere jaitsiera izan da eta iazko azaroan baino ia 6800 pertsona gutxiago daude langabezian. Espainiar estatuan ere behera egin du langabetuen kopuruak azaroan zehar eta azken 9 urteetako zifrarik baxuena erregistratu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!