Langabeziak gora egin du berriro Oñatin

2018/10/02
Goranzko joera izan duen hirugarren hilabetea da segidan, eta langabezia tasa % 6aren goitik kokatu da

  Iraila ez da ona izan gurean langabeziari dagokionean. Normalean, langabetuen kopuruak behera egin ohi duen hilabetea izaten da Oñatin, baina aurtengoak gora egin du. Gainera, goranzko joera izan duen hirugarren hilabetea da segidan. Une honetan, 329 langabetu daude herrian, abuztuan baino 18 lagun gehiago. Lana topatu ezinda daudenetatik 127 gizonezkoak dira eta 202 emakumezkoak. Aipagarria da, abuztuko datuekin konparatuta, adin talde guztietan egin duela gora langabetuen kopuruak, baina hazkunde handiena 45 urtetik gorako gizonen artean eta 25 urtez azpiko emakumeen artean gertatu da.

  Azken hilabetean izan duen gorakada horren ondorioz bestalde, Oñatiko langabezia tasa % 6aren goitik kokatu da berriro. Apirilaz geroztik herriko langabezia tasa % 6aren azpitik egon da baina langa hori gainditu da berriro. Une honetan, % 6.05 da.

  Orain urtebeteko datuetara jo ezkero irudia ez da hobea, iazko irailean  lana topatu ezinda zeuden herritarrak orain egoera horretan daudenak baino gutxiago baitziren, 17 gutxiago, hain zuzen. Hala ere, aipatu behar da, 2018ko hirugarren hiru hilekoa iazkoa baino hobea izan dela orokorrean, ekainetik iraila arteko langabezia maila, iazkoa baino pitin bat baxuagoa baita orain.

  Ekainean langabetuen kopuruak nabarmen behera egin zuela adierazi genuen, udako oporren ordezkatzeak eta lan puntualei erantzun beharrak eraginda. Ondorengo hilabeteetan berriz, unean uneko kontratu horiek beteaz joan dira eta gorakada hori langabezia kopuruetan islatu da. Historikoki, eta Gabonetako kanpainari begira, urteko azken hiruhilekoan kontratazio berriak egin ohi dira gurean baina irailean oraindik ez da joera hori antzeman. Hurrengo hilabeteetako datuen zain egon beharko da.

  Ikuspegia zabalduz, Euskal Autonomia Erkidegoan behera egin du langabetuen kopuruak, ez ordea Nafarroan. Gizarte Segurantzan izena emandakoen kopuruak aldiz, gora egin du azken hilabetean Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan.

Iturria: Oñati Irratia