Langabeziak gora egin du abenduan Oñatin

2021/01/05
Card image cap
Urtea 405 langaberekin eta % 7,44ko tasaz amaitu da gurean

  Irailetik azpimarratzen aritu garen beheranzko joera apurtu egin da abenduan eta herriko langabezia handitu egin da urteko azken hilabetean. Baina 2020ak enpleguan eragin dituen gora behera guztien gainetik, abenduko langabezia handitze hori ohikoa ere badela esan genezake, neguko kanpainara begira herriko hainbat enpresek egiten dituzten kontratu asko orain, abendu-urtarrilean amaitzen direlako.

  Abenduan, aurreko hilabetean baino 6 langabe gehiago zenbatu dira gurean eta aipagarria da, nagusiki, gizonezkoen artean egin duela gora langabeziak. Horrek, lanik gabe dauden gizon eta emakumeen portzentajean eragin du berriro, eta hori da 2020. honetan sarritan azpimarratu duguna, alegia, poliki-poliki parekatzen ari direla. Une honetan, langabezian dauden 100 oñatiarretatik 47 gizonezkoak dira eta 53 emakumeak. Orain urtebete, proportzio hori 44 gizon eta 57 emakume zen. Ikusmira zabalduta, hori bai, une honetan, iazko abenduan baino 78 langabe gehiago daude Oñatin eta langabezia tasa puntu eta 43 ehuneneko handitu da 2020an.

  Baina urtean zehar izan da datu okerragorik; pandemiak hala eraginda, martxotik abuztura langabeziak etengabe gora egin zuen gurean eta urteko zortzigarren hilabetean 488 langabe izatera iritsi ginen, abenduko azken datuek azaldu dutena baino 83 gehiago, alegia. Orokorrean beraz, urteko azken hiru hilekoan enplegua berreskuratu dela esan genezake, nahiz eta abenduan langabeziak berriro gora egin duen.

  Hego Euskal Herrian langabezia jaitsi egin da abenduan.  SEPEren datuen arabera, ia 170 mila  lagun daude langabeen zerrendan, azaroaren amaieran baino 2.086 gutxiago. Baina orokorrean, 2020a urte txarra izan da, urte hasieran baino 22.517 langabe gehiagorekin amaitu baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!