Langabeziak ez du aldaketa nabarmenik izan gurean azken hilabetean

2016/05/05
Orain urtebeteko datuekin konparatuta, hobekuntza agerikoa da, 30 langabetu gutxiago baitaude herrian

  Apirila amaieran, martxo bukaeran baino Oñatiko langabetu bat gehiago zegoen Lanbideko bulegoetan izena emanda. Beraz, alde nabarmenik ez azken hilabetean, eta ezer aipatzekotan, igoera oso txikia izan dela esan beharko genuke. Baina azkenaldian aipatzen ari garenez, aldeak nabarmenagoak dira orain urtebeteko datuekin alderatuz gero. Kasu honetan, egoera, egun hobea dela esan behar da. Une honetan Oñatin, 418 langabetu erregistratuta baitaude, iaz baino 30 gutxiago. Txanponaren bestaldean, azken hilabeteetan errepikatzen ari garen fenomeno berbera aipatu behar da, alegia, langabeziak urtebetean izan duen murrizketa gizonen artean gertatu dela, emakumezko langabeen kopurua igo egin baita. Datuak oso argiak dira: une honetan langabezian dauden oñatiarretatik 169 gizonezkoak dira, orain urtebete, 200 ziren; aldiz, egun lana topatu eta ezinean dauden emakumeak 249 dira, orain urtebete baino bat gehiago.

  Martxoko datuekin alderatuta, eta  azken hilabeteko kontaketa globalak langabe bat gehiago adierazten duen arren, gizonezkoen artean, langabezia pitin bat murriztu da, 2 gutxiago erregistratu baitira, aldiz, emakume langabeen kopurua hazi egin da, 3 gehiagok izena emanda.

  Une honetan, Oñatin 418 langabetu daude, esan bezala, eta tasa, % 8aren azpitik mantentzen da justu-justu, %7,96 baita.

Iturria: Oñati Irratia