Langabeziak behera egiten jarraitzen du Oñatin.

2014/12/03
Aurreko hilean baino 26 langabetu gutxiago zenbatu ziren eta tasa, % 8 eta erdiaren azpitik kokatu da, % 8.44 da orain.

  Azken urtean sarri gertatu da Debagoiena, Gipuzkoa edo Hego Euskal Herrian nagusitu den joeraren kontra, Oñatin langabeziak gora edo behera egin izana. Oraingoan ordea, joera nagusia gurean ere berretsi da eta langabeziak behera egin du bai Hego Euskal Herrian eta baita Oñatin ere.

  Horrela, pasa den hilean herrian azpimarratu genuen berantzako joera indartu egin da, abuztuan eta irailean erregistratu zen goranzko joera iraulita urrian eta azaroan, behera egin baitu Oñatiko langabeen kopuruak. Eta bi hilabeteak batuta gainera, irailean baino 45 langabetu gutxiago daude orain herrian.

  Langabeziak, bereziki emakumezkoen artean egin du behera gurean, 25 urtez gorako emakumeen artean, zehatzago esanda. Urrian, adin tarte zabal horretako 252 emakume zeuden lana nahi eta topatu ezinda Oñatin, eta egun, 227 dira LANBIDEn erregistratuta daudenak, 25 gutxiago alegia. Kontutan hartuta, langabeen kopurua 26 lagunetan murriztu dela azken hilabetean, kasik denak, emakumeak direla esan genezake.

  Murrizketa horrek, langabezian dauden emakume eta gizonen portzentajea hurbiltzea ekarri du. Lana topatu gura dauden 100 oñatiarretatik ia 55 emakumeak dira, orain hilabete baino ehuneko 2 gutxiago. Datu hau dena den ez da guztiz fidagarria, hilabete batetik bestera oso aldakorra gerta baitaiteke.

  Azterketa epea zabalduz, iazko datuekin konparatzen badugu, momentuko egoera hobea da, iazko azaroan baino 61 langabetu gutxiago baitaude orain eta langabezia tasa puntu pasa baxuagoa da. Joera hori, dena den, aurten maila handiagoan edo txikiagoan hilero antzematen ari gara.

  Eta fenomeno hori orokorra da, Gipuzkoa edo Hego Euskal Herri mailan ere orain urtebete baino langabetu gutxiago daude orain. Azaroan 1.606 langabe gutxiago zeuden Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan behera egin du langabeziak azaroan, aurreko hilabetearekin alderatuta. Nafarroan, berriz, apur bat igo da. Bana 2013ko azaroarekin alderatuta, lurralde guztietan jaitsi da langabezia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!