Langabeziak behera egin du urtarrilean Oñatin

2018/02/02
Card image cap
Gurean ohiko joera bestelakoa bada ere, langabetuen kopurua murriztu egin da urteko lehen hilabetean, bereziki, emakumeen artean

  Abenduan eta urtarrilean langabeziak gora egin ohi du Oñatin, herriko enpresa askotan udazken-neguko kargari aurre egiteko kontratuak amaitzen baitira. Baina joera thistoriko hori apurtu egin da aurten, eta abenduan langabeen kopuruak gora egin zuen arren, urtarrilean berriro jaitsi da. Murrizketa gainera, esanguratsua da, 18 langabetu gutxiago zenbatu baitira gurean.

  Une honetan, Oñatiko 319 lagun daude enplegu bulegoan izena emanda. Horietatik 176 emakumeak dira. Emakumeen artean, adin tarte guztietan egin du apur bat behera langabeziak. Baina gizonezkoen artean ere murriztu da abenduko datuekin konparatuta. Oñatiko langabezia tasa, urtarrila amaieran, % 6.07 zen, aspaldiko urteetako urtarrilako tasarik baxuena. Orain urtebete, esaterako, ia puntu eta erdi altuagoa zen, %7.47 konkretuki, eta kopurutan, une honetan baino 71 langabetu gehiago zegoen herrian.

  Oñatin langabeziak behera egin duen arren, Hego Euskal Herrian  igo egin da urtarrilean, 1.704 langabe gehiago zenbatu dituzte. Iazko urtarrilarekin alderatuta, Hego Euskal Herrian ere langabeziak behera egin duela esan behar, 15.000 pertsonak lana topatu baitute urtebeteko tartean. Abendua eta urtarrila arteko datuetara itzuliz, langabeziak Hego Euskal Herriko lurralde guztietan egin du gora baina Gipuzkoan izan da hazkunde apalena, 10 langabe gehiago zenbatu baitira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!