Langabeziak behera egin du Oñatin bigarren hilabetez jarraian.

2012/06/11
Beherakada, gizonezkoen artean eman da, emakume langabetuen kopurua pasa den hilabeteko maila berean mantendu baita. Maiatza amaieran, herriko langabezia tasa %8,24 zen.

  Aldikako kontratu ugari amaituta, urteko lehen hiruhilekoan langabeziak gora egin zuen etengabe gurean. Baina bigarren hiruhilekoan joera irauli da. Apirilean aipatzen genuen beherantzako joerari eutsi zaio eta maiatza akaberan, langabetuen kopurua murriztu egin da bigarren hilabetez jarraian. Une honetan, urtarrila akaberako mailan geundeke, hau da, iaz baino dexentez langabetu gehiagorekin baina urteko lehen hilabeteetan kontabilizatu zen gehienezko langabezia neutralizatzen. Une honetan, Oñatiko langabezia tasa %8,24 da, urtarrila amaierako tasaren pareko. Baina, langabetuen kopuruak goren maila izan zuen martxo akaberan baino 18 langabetu gutxiagorekin.

  Pasa den hilean, langabeziak bereziki behera emakumezkoen artean egin zuela komentatu bagenuen, maiatzean, gizonezkoen taldean gertatu dela esan behar. Lana topatu ezinean dauden emakumeen kopurua, apirila akaberan bezalaxe mantendu baita ez gora, ez behera. Baina behera, gizonezko langabetuen kopuruak egin du esan bezala. Hilabetean, Oñatiko 7 gizakume gutxiago baitzeuden Lanbideko zerrendan izena emanda. Langabetuen adinari begiratuz gero, lan kontratua lortu duten gehienak, 44 urte artekoak izan dira, halako 11 gizonezko gutxiago baitzeuden maiatza akaberan langabetuen zerrendan. Bestaldean, ordea, 45 urtez gorako 4 gizonezko gehiago zenbatu ziren, apirilean baino 4 gehiago.

  Orokorrean beraz, une honetan, 440 langabetu daude Oñatin, enplegu zerbitzutik eskuratu ditugun azken datuen arabera.

  Oñatin bezala, Debagoienean ere langabeziak behera egin du azken hilabetean. Apirileko kopuru berbera errepikatu duten Leintz Gatzaga eta Aretxabaleta alde batera utzita, gainontzeko herri guztietan langabe kopuruak behera egin baitu. Bereziki azpimarragarria da Arrasateko beherakada, 30 langabetu gutxiago kontabilizatu baitziren. Oñatin, gogoratu, 7 gutxiago zenbatu direla azken hilabetean.

  Udako opor garaia badator. Halakoetan, tradizionalki, lan kontratu berriak egin ohi dira gurean, langabezia, nabarmen jaitsiz. Egia da, azken urteotan egoerak beste ohitura batzuk hartzea eragin duela, eta oporrak urtean zehar tartekatzea edota, enpresaren eskaera karteraren arabera hartzeko joera zabalduz doala. Hala ere, asko izango dira, uztaila eta bereziki abuztuan bakaziñoak hartuko dituztenak eta horiek ordezkatzeko jendea beharko da. Horrek, datozen hilabeteetako langabezia kopurutan eragina izango du. Baina joera, urte sasoiaren araberakoa soilik den edo denbora luzeagoan mantentzen den, ikusi beharko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!