Langabeziak, behera egin du berriro otsailean

2015/03/09
Card image cap
45 urtetik gorakoen langabezia da bereziki murriztu dena

  Oñatin 450 langabetu daude une honetan, urte hasieran baino 10 gutxiago. Apurka bada ere, langabeziak, behera egin du berriro gurea eta urtarrilean bezala 5 langabetu gutxiago erregistratu dira Lanbideko bulegoetan. Datua garrantzitsua da kontutan hartzen bada Oñatin, otsaila langabezia tasarik altuena eman ohi duen urteko hilabetea izaten dela. Hala gertatu zen iaz, eta hala gertatu zen orain bi urte ere, % 10.15eko tasa erregistratu zenean, azken urteetako goreneko tasa. Baina aurten joera hori irauli da eta langabetuen kopuruak bigarren hilabetez behera egin du.

  Aipagarria da, azken hilabetean izan den langabezia beherakada 45 urtez gorako langabetuen artean eman dela, bai gizon nahiz emakumeen artean.  Txanponaren bestaldean, 25 urtez azpiko gizonezkoen artean eta 25-44 urte arteko emakumeen artean, gora egin dute lana topatu eta ezinean dauden herritarren kopurua.

  Urtarrilarekin konparatuta, gora behera txikia da, 5 laguneko aldea bakarrik egon delako. Baina aldea askoz ere esanguratsuagoa da iazko otsailekoarekin konparatzen badugu. Orduan, orain baino 50 langabetu gehiago zeuden herrian eta atentzioa bereziki gizon langabetuen kopuruak ematen du, orain baino 37 gehiago baitziren.
Une honetan , Lanbiden erregistratuta dauden 450 herritar horietatik, 211 gizonezkoak dira eta 239 emakumezkoak. Langabezia tasa berriz, % 8.57koa da.

  Oñatin bezala, Debagoienean, orokorrean ere langabe kopuruak behera egin du otsailean zehar. Herririk herri, Aretxabaletan izan dute jaitsierarik handiena: 21 langabe gutxiagorekin. Eta Arrasaten soilik egin du gora  langabeziak. Debagoieneko langabezia tasa, ia ehuneko 12 eta erdia da, Oñatikoa baino kasik 4 puntu altuagoa.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!