Langabeziak behera egin du berriro gurean.

2013/11/06
Azken bost hilabeteetan gora eta behera ari da herriko langabeen kopurua baina orokorrean, 500 lagunen bueltan beti ere. Urria amaieran, Oñatin 499 langabetu kontabilizatu zituen Lanbidek.

  Maiatzaz geroztik, langabeziak gora eta hurrengoan berriz behera egin duela kontatzen ari gara hilez hile. Irailean, ez ustean eta urteetako joera apurtuz gora egin zuela esan genuen: Urrian berriz, Hego Euskal Herriko joera orokorraren kontra, behera egin du berriro. Gora eta behera baina aspaldian, 500 lagunen bueltan. Une honetan, Oñatin, 499 langabetu daude, irailean baino 13 gutxiago baina iazko urrian zeudenen paretsu, orduan, 494 langabetu kontabilizatu baitziren gurean.

  Azken hilabete honetan, gizon nahiz emakumezkoen langabeziak egin du behera Oñatin. Baina adinka begiratuta, 25 urtez azpiko gizonezkoen artean eta 25 urtetik gorako emakumeen artean egin du behera langabetuen kopuruak.
Azken hilabetean, esan bezala, 13 lagun gutxiago agertzen dira Oñatiko langabetuen taldean, irailean ordea, aurreko hilean baino 21 gehiago izan ziren eta uztaila eta abuztua arteko datuak konparatuta, 13 gutxiago berriro ere. Gora behera horiek garbi erakusten dute kontratuak egin egiten ari direla baina orokorrean epe laburreko kontratuak direla, ordezkapenak egin edo lan puntualak atera ahal izateko egindako kontratu motzak. Hori ere, Lanbideko estatistiketan ikusten da. Oñatin azken hilabete honetan lana bilatu baina topatu ezinda erregistratu diren 499 lagun horietatik 312 epe laburreko langabetuak baitira.

  Fagor Etxetresna kooperatibaren egoerak herriko langabezian izango duen eragina ere ikusteko dago. Jakin badakigu, FAGORen lan egiten zuten herritar batzuk jada Lanbidera jo dutela izena ematera baina gutxienekoak dira oraindik eta estatistiketan ez da antzeman. Gainera, kooperatibistek autonomo izaera dute eta Lanbidek, printzipioz, ez ditu langabetu kontsideratzen baizik eta enplegu bilatzaile edo eskatzaile. Aurrerantzean beraz, Lanbidek nola jokatuko duen eta demandante edo parado moduan katalogatuko dituen ikusteko dago.

  Une honetako datu hutsek zera adierazten digute. Oñatiko langabeen kopuruak behera egin duela urrian eta 499 direla. Beste era batera esanda, herriko langabezia tasa %9,5 dela, orain urtebete neurtu zenaren pareko. Eta maila horretan dabil azken urtean, gora eta behera, beti ere 500-515 langabetuen inguruan.

Iturria: Oñati irratia