Lanbus garraio zerbitzua etetea edota Arartekoak bidalitako idatzia aztergai izango dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2016/04/14
Card image cap
Lan zerrendan, 38 gai jaso dira

  Lanbus garraio zerbitzua gaur egun ULMAko langileek erabiltzen dute nagusiki. Hala, zerbitzua, ekonomikoki, kooperatibak eta Udalak mantentzen dute. Baina herritar orori zuzenduta eta ikuspegi orokorrago batetik Herribusa proiektua mahai gainean dago. Honek, Lanbus zerbitzua ordezkatuko luke, zerbitzu osoagoa edo borobilagoa eskainiz, esan bezala. Horregatik, Lanbus garraio zerbitzua etetea proposatuko da gaurko batzarrean.

  Arartekoaren idatziaren berri ere emango da. Kale zaharreko zirkulazioaren inguruko argibideak eskatu zizkion Arartekoak Udalari, hainbat bizilagunek helarazitako kexak argitu asmoz. Auzotarrek zioten, oinezkoentzat egokitutako kalean debekatuta dauden erabilerei dagokion erregulazioa ez dela betetzen; bizikletak kaletik igaro eta aparkatzen dutela, erabilera hori debekatzen duen udal erregulazioa urratuz. Eta aparkatutako kotxeek etxeetarako sarrerak oztopatu eta oinezkoen zirkulazioa arriskuan jartzen dutela. Arartekoak, egoera argitzeko informazioa eskatu zion Udalari esan bezala, eta honek erantzun zuen. Orain, idatzi berria jaso da udaletxean eta zer dioen azalduko da arratsaldeko bileran.

  Bestelakoan, eta 38 gaiko lan zerrendan, Kale Barria 5 zenbakia den eraikina eraistea edo Udal baratzeen tasa aldatzea proposatuko da. Kale Barria 5 zenbakidun eraikina bota eta berriro eraikitzeko proiektua aurkeztu zen orain hilabete batzuk udal bulegoetan. Proiektuaren arabera, eraikinaren teilatua eta barruko egitura eraitsiko dira eta fatxada nagusiko beheko oina mantenduko da, harlandua egoera onean baitago.  Une honetan, eraikina estali eta babestuz hainbat elementu jarri dira baina eraisketa lanak berehalakoan hasi asmo dituzte. Gaia, esan bezala, arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean azalduko da. Eta aisialdi baratzeen tasaren haritik zerga ordenantza aldatzea proposatuko da. Udalak, San Martingo baratzeen erabiltzaileen elkartearekin hitzarmena sinatzea onartu zen pasa den asteko Osoko Bilkuran. Hitzarmen horretan jasotzen denez, erabiltzaileek 70 €ko kuota ordainduko diote elkarteari. Horixe da, hain zuzen ere, Udalari ordaintzen zioten kuotaren kopurua. Elkarte honek lehen Udalak bere gain zituen hainbat lan eta gastu hartuko dituela kontutan hartuta, Udalak, erabiltzaileei kobratzen dien kuota  5 €ra murriztea erabaki zen. Kuota aldaketa hori zerga ordenantzetan jasotzea proposatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!