Oñatiko udala

Lanbiderekin elkar lanean gauzatuko den enplegu plana aztergai izango da udal gobernu taldearen arratsaldeko bileran

2015/04/23
Neguko kanpainan, elurrak eragindako lan orduak ordaintzearen gaia ere aztertuko da

  Udalaren barne antolamendua departamentuak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrera hainbat gai eramango ditu.  Udalak, Lanbide zerbitzuarekin batera, enplegu plan ezberdinak bete ditu aurreko urteetan. Pioi lanak edo bestelako lan teknikoagoak egiteko langabezian dauden hainbat oñatiar kontratatu dira Lanbidek emandako diru laguntzari esker. Horretarako, enplegu zerbitzuak berak hainbat baldintza jartzen ditu. 2015. honetako enplegu plana zertan izan daitekeen azalduko da udal gobernu taldearen arratsaldeko bileran. Negua atzean geratu den honetan, elurrak eragindako lan ordu bereziak nola ordaindu eta eztabaidatuko da bilera horretan.

  Guztira, 37 gaiko lan zerrenda osatu da. Aipagarria da, kirol arloko hainbat eskaera eta gai ere jorratuko direla. Udalak, Aloña Mendi eta Antxintxiketan kirol elkarteekin dituen lankidetza hitzarmenak aztergai izango dira eta Udana automobilismo kirol elkarteak edota Aloña Mendi berak egindako eskaerak ere aztertuko dira. Aloña Mendi elkarteak IX. Garagardo festa egiteko baimena eskatu dio udalari. Era berean, Zubikoa kiroldegiko zerbitzuen kostuak eta tasak aztertzeko aholkularitza zerbitzua kontratatzeko proposamena eztabaidatuko da.

  Apirila aurrera doa eta auzo jaixak hasteko puntuan daude. Datorren asteburuan esaterako, Olabarrietako jaixak ospatuko dira. Horren haritik eta kultura batzordearen eskutik, San Migel txiki jaixak, Kasablankako jaixak eta Errekaldekoak ospatzeko batzorde ezberdinek egin dituzten proposamen eta eskaerak erantzungo dira.

  Hirigintza batzordetik bestalde, lan baimen eskaerak nagusi dira eta deigarria da, hiru eraikin ezberdinetako jabeek teilatua konpontzeko baimena eskatu diotela udalari.

  Ohikoa denez, Udal gobernu taldearen asteko bilera hau arratsaldeko 6etan hasiko da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!