Lan ona egin izanaren pozarekin amaitu du Debreceneko lehiaketa Ganbara abesbatzak

2018/07/09
Larunbateko finalera sailkatu ziren, ez ordea, domekako Grand Prix-era

  Duten guztia eman izanaren lasaitasunarekin, satisfazioarekin amaitu du Ganbara abesbatzak Hungariako abentura. Bela Bartok nazioarteko lehiaketan laugarren postuan sailkatu dira oñatiarrak, ahots mistoen kategorian. Ostiralean jokatu zen lehen kanporaketa gaindituta, zapatuko finalean parte hartu zuten. Atzo izan zen Grand Prix-erako txartela ordea, ezin izan zuten eskuratu. Maila oso handiko lehiaketa izan dela adierazi dute Ganbarako partaideek eta eurek zuten guztia eman arren, arerioek kategoria izugarria zutela azpimarratu zuten. Hala ere, pozik daudela eta eszenatokian disfrutatu zutela esan dute.

  Bela Bartok Hungariako Debrecenen jokatzen den musika garaikideko lehiaketa da. Europako Grand Prix-en parte hartzen duenetako bat. Egitasmo handia, bai artistikoki baita ekonomikoki ere; talde gisa lan handia eta esfortzu ekonomiko berezia eskatzen duen erronka baita. Alde horretatik udalaren laguntza ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa ere izango du Oñatiko Ganbara Abesbatzak. Gaur bertan argitaratu dira Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak Mundura izenpean emango dituen diru laguntzak eta Oñatiko taldeari 8000 euro ematea erabaki dela jaso da. Bi urtetan emango zaio diru laguntza, 4800 € aurten eta gainontzeko 3200 €-ak datorren urtean.

  Orain, lehiaketa amaituta, Ganbara abesbatzako kideek turismo apur bat egingo dute Budapesten.

Iturria: Oñati Irratia