Laixan elkarteko funtsaren deskribapena egingo du Udal Artxibo zerbitzuak

2020/07/23
Dohaintzan jaso zuen funtsa, 2013an

  1990. urtean sortu zen Laixan elkartea, eta 2009ko geldialdiaren ostean, erreleborik ez zegoela ikusita, elkartea desegin eta likidatzea erabaki zuten. Bertan, hainbat ondasun eta material sortu eta pilatu ziren. Besteak beste, aktak, diru-kontuak, txostenak eta elkarteak antolatutako festa eta lehiaketei buruzko dokumentuak. Ondasun eta material hori Oñatiko herrian euskara suspertzeko egin ziren ekintza eta ahaleginen emaitza da. Horregatik, udalaren esku uztea erabaki zen. Guztira, 19 metro lineako funtsa da.

  Dohaintzarekin batera edukiaren inbentarioa jaso zen arren, agiriak ez daude antolatuta. Horregatik, Udal Artxibo zerbitzuaren helburua funtsa erabilgarri jartzea da, agiriak txukunduz eta funtsaren deskripzio osoa eginaz.

  Hainbat aurrekontu eskatu ostean, Ereiten kultur zerbitzuak enpresak egingo du funts honen deskribapena. 5.687 euroko  aurrekontua du lanak, BEZa barne. Orain bi aste hasi zen Ereiten kultur zerbitzuak enpresa lana egiten eta beste lau astetan amaitzea aurreikusten da. Ondo bidean, abuztu bukaerarako funtsaren deskribapena eginda egongo da.

Iturria: Oñati Irratia