Laguntza zuzenak eta arinak eskatu dituzte ostalariek, berehala egin beharreko ordainketak burutzeko

2020/11/18
Card image cap
Udal ordezkariekin bilera egin zuten atzo, duten egoera azaldu eta beharko lituzketen laguntza mota jakinarazteko

  Ezohiko dirulaguntzak eman dizkie udalak herriko merkatari eta ostalariei Covid-19ak eragindako zailtasunei aurre egiteko, jakinik zerbitzuen sektorea garrantzitsua dela herriarentzat, ez bakarrik aberastasuna sortzen duelako, herriari bizitasuna ere ematen diolako.

  Ostalaritza lokalak azaroaren 6tik itxita daude eta horrek hainbat arazo sortu dizkie ostalariei, eguneroko ordainketak egiten jarraitu behar dutelako diru-sarrerarik ez izan arren. Zein egoeratan dauden eta zer-nolako laguntzak beharko eta nahiko lituzketen ezagutu asmoz bilera batera deitu zituzten udal ordezkariek. Batzarra atzo arratsaldean egin zen Santa Ana aretoan. Izaro Elorza eta Xabier Igartua Alkate eta Sozioekonomia arloko batzordeburua eta herriko taberna, jatetxe eta ostatu jabeak elkartu ziren.

  Eguneroko gastu arruntei eta dituzten alokairu kontratuei aurre egiteko laguntza zuzenak behar dituztela jakinarazi zuten ostalariek, lokalak itxita izanagatik fakturak ordaintzen jarraitzen dutelako. Alde horretatik, tramitazio arina eta dirua berehala eskuratzeko aukera emango dieten dirulaguntzak beharko lituzketela adierazi zuten. Udal gobernu taldeak aukera hori aztertzen dihardu, eta dituzten langileen araberako dirulaguntzak emateko aukera zehazten dihardu, udaberrian egin zuen bezala. Asmoa, gaia oposizioarekin lehenbailehen eztabaidatu eta oinarriak datorren asterako edo prest izatea da.

  Ostalaritza arloko lokaletan gastatzeko herriko bonoen iraungitze data luzatzea ere aurreikusten da. Udalak diruz laguntzen dituen bonoen jarraipena egin da eta ostalaritza lokaletarako gutxi eskuratu direla ikusi da. Bonoak abenduaren 31rako gastatu behar dira, baina taberna eta jatetxeak itxita daudenez, jendeak ez ditu hartu. Kontsumo lerro hori sustatze aldera, ostalaritzan gastatzeko bonoen iraungitze data hainbat astez luzatzea aztertzen ari dira udal arduradunak. Era berean, terrazak babesteko toldo eta bestelako itxiturak jarri ahal izateko, udal ordenantzen aldaketa puntuala egiteko aukera aztertzen ari dira udaleko hirigintza departamentuan, une honetan, eta bereziki erdigunean, halakoak jartzeko mugak baitaude.

  Udalak zuzenean eman ditzaken laguntza eta bestelako erraztasunez gain, Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste erakundek laguntzak eman ditzaten presioa egitea ere eskatu zuten ostalariek. Aipagarria da, Eusko Jaurlaitzak ostalaritza sektorerako laguntzen deialdia gaur bertan argitaratu duela. 30.450.000 euroko partida berezitu da ostalaritza arloko autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikien galera ekonomiko zuzena arintzeko dirulaguntzetara. Eskaerak egiteko epea bihar irekiko da eta 15 egun izango dira.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!