Laguntza elementuen doako zerbitzua martxan jarri du Debagoieneko Gurutze Gorriak

2018/10/30
Card image cap
Zerbitzua osatzeko gurpildun aulkiak, makuluak eta bestelako elementuak dohaintzan jasotzeko eskaera egin du

  Mugikortasun zailtasun edo arazoak dituztenentzat oso lagungarriak dira makuluak, gurpildun aulkiak eta antzerako elementuak. Eguneroko zereginak modu errazago eta erosoagoan egiten laguntzen dute, esfortzu gutxiagorekin eta era eraginkorragoan burutzeko erremintak dira. Erabiltzaileen autonomia handiagotzeko bitarteko hauek doan uzteko zerbitzua martxan jarri du Debagoieneko Gurutze Gorriak.

  Eskaintzen diren produktuak pertsonek izan ditzaketen arazoak prebenitu, mugak konpentsatu edo arintzera zuzenduak daude. Une honetan, San Prudentzioko Gurutze Gorriak lau gurpildun aulki, 3 makulu pare eta taka-taka bat ditu. Baina etxeetan, sarritan, halako elementuak gordeta eta nori eman jakin gabe izaten dira, inguruko inork erabiltzen ez dituela. Gurutze Gorriak halako laguntza produktuak jasotzen dituela jakinarazi du, ia martxan den zerbitzua osatzeko. Laguntza elementu hauek doan den mailegu zerbitzu baten bidez kudeatzen dira. Lagapena hiru hilabeterako da baina epea beteta eta bestelako eskaerarik ez badago, luzatu daiteke. Hau da, produktuen erabilgarritasun-egoera, eskaeren araberakoa izango da. 

  Laguntza elementuak eskuratzeari buruzko informazioa jaso nahi dutenek, edota halako materiala Gurutze Gorriaren esku utzi nahi dutenek, San Prudentzioko postuko arduradunekin harremanetan jarri behar dute honako telefono zenbakira deituz: 943 765 5 76

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!