Oñatiko udala

"Kuttuna" denda eta zerbitzu txikietan erabiltzeko bonu txartelen plataforma

2020/04/06
Card image cap
Magnet kooperatibak garatu du

  Kuttuna.org tokian tokiko merkatari txiki eta profesional autonomoei laguntzeko web plataforma da. Magnet kooperatibak garatu du Erresuma Batuan ikusitako eredu bat gurera egokituta. Tokian tokiko merkataritza sustatzeko bitartekoa da.

  Covid-19ak eragindako osasun alarmak gogor jo ditu denda eta zerbitzu txikiak, gehienek ateak itxi behar izan baitituzte.  Egun itxita dauden denda eta zerbitzu horietan erabiltzeko bonu txartelak erosteko plataforma da Kuttuna. Bonu txartelak erosiz herritarrek euren denda kuttunak zainduko dituzte, aurrerago, konfinamendua bukatu eta lokalak berriro irekitzean, erabili ahal izango dituztelarik produktu edo zerbitzuen truke. Bitartean, saltokien jabeek diru sarrera batzuk izango dituzte. 

  Erosleak herriko dendari, ostalari edo profesional kuttuna aurkitu ondoren, zenbat euroko bonu txartela erosi nahi duen aukeratuko du. Dirua merkatariari bideratuko zaio zuzenean. Bonu txartela erositakoan pdf formatuko fitxategi bat dekargatuko du bezeroak Kuttuna aplikaziotik. Bonu-txartelak QR kodea izango du informazio guztiarekin: eroslea, data, zenbatekoa... Kode horrekin dendariak bonu-txartela identifikatuko du eta adierazten duen diru zenbatekoaren pareko erosketa egin ahal izango da. Bonu txartelak 5 eta 200 euro artekoak izan daitezke. Berezoak aukeratuko du zenbateko diru kopurua aurreratu.

 Kuttuna proiektua elkartasunetik eraikia izan dela argitu nahi du Magnet kooperatibak. Hala, erosleak ordaintzen duen diru guztia zuzenean merkatariari bideratuko zaio. Magnetek bere gain hartu ditu domeinuaren erosketa, web aplikazioaren ahokalekua eta aplikazioa diseinatu, garatu eta zabaltzen emandako lanordu ugariak.

  Asteburuan zabaldu den web plataforma handituz doa, poliki-poliki. Dagoeneko 10 dira ekimenera batu diren merkatari eta zerbitzuak: IraMira, Kantue, Ta punttu, Nagore Goñi argazkilaritza, Candeluka, Bidebarrieta Fisioterapia Zentrua eta Mauxka jatetxea Oñatin, eta Dir dir bitxiarte eta Informatika Bergara AulaXXI Arrasaten eta Tilin-talan Azpeitin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!