Kurtzebide kalerako bide sarrera itxita dago ur hoditeria aldatzeko lanak direla eta

2020/04/29
Arratsaldeko 18:00ak arte eta bihar 8:00tatik 18:00tara errepidea itxita egongo da

  Edateko uraren hoditeria berritzeko lanak egiten ari dira Euskadi Etorbidean. Lan eremua Garayneko finkara hurreratzen ari da. Lurrazpiko hoditeriaren norabidea zehazteko hainbat kata egin dira azken asteotan eta bihar jada, Kurtzebide kalerako sarrera alderik alde zulako dute, hodi berria sartzeko. Ondorioz, Bidaurretako errotondatik aipatu Kurtzebide kalera ezin da ibilgailuz pasa, errepidea moztuta dagoelako. 8:00tan itxi da bide sarrera eta hala mantenduko da 18:00ak arte. Lan jarduna amaitu aurretik errepideko zanga txapez estaliko dute eta bihar berriro erretiratuko dira, lanean jarraitzeko. Beraz, bihar baita ere, 8:00tatik 18:00tara Kurtzebide kalerako sarrera itxita egongo da trafikoarentzat.

  Datorren astean Euskadi etorbidetik doan hoditeria berritzeko lanen azken faseari ekingo diote Gipuzkoako Urak enpresak kontratatutako langileek. Hoditeria Garayneko finka sarreraraino eramango dute baina errepidearen bazterretik. Azken lanok trafikoan eragingo dute tarteka, baina errepidea ez da erabat moztuko. Hala behar denean ibilgailuak geldiaraziko dira, baina minutu gutxitako kontua izango da. Une horietan langileek beraiek zuzenduko dute trafikoa.

  Alarma egoerak hala eraginda errepideetako ibilgailu kopurua asko murriztu da eta hori mesedegarri gertatzen ari da Gipuzkoako Urak enpresa gurean egiten ari den obretan. Dena den, gogoratu, Kurtzebide kalerako errepidea moztuta dagoela 18:00ak arte eta bihar berriro moztuko dela 8:00tatik 18:00tara, eta datorren astean, lanak Bidaurretako errotonda parean egingo direla eta aldikako trafiko mozketa txikiak egingo direla.


Iturria: Oñati Irratia

Kata lanak Bidaurretako errotonda inguruan