Kultur ekitaldia antolatu du Atzeko kaleko jai batzordeak larunbat arratsalderako

2020/09/02
Card image cap
Trianakoek zabaldutako lan ildoa jarraitu dute auzo jairik gabeko urte honetan

  Osasuna lehenetsi aldera, Atzeko kaleko jaiak bertan behera utzi dira aurten, jai batzordeak publiko egin duen idatzian irakurri daitekeenez. Baina kultura sortzaileen lana sustatu eta eskertuz, Kultur ekitaldia antolatu dute larunbat arratsalderako. Horretarako, Trianako jai batzordeak egindako lanean oinarritu direla diote Atzeko kalekoek, beti ere, Udalaren laguntzarekin. Konfinamendu garaian, eta baita ondoren ere, kultura arloan lan egiten dutenen eskuzabaltasuna errekonozitu eta eskertu nahi dute horrela.

  Larunbat arratsalde-ilunkararako lau ikuskizun berezi programatu dituzte: Potx magoa, 17:00tan; Oñatiko dultzainero taldea, 18:15tan; Naia Herraez eta Julen Muruaren kontzertua, 19:15tan eta Antton Telleriaren bakarrizketa saioa, 20:30tan. Emanaldiak Kalegoienako plazatxoan kokatuko den eszenatokian izango dira. Gunea hesituko da eta 150 lagunentzako jesarlekuak jarriko dira. Ekitaldi bakoitzerako sarrerak doan izango dira eta www.oñati.eus atarian edo Txokolateixan eskuragarri daude jada. Sarrerak hartzeko orduan arduratsu jokatzea eskatzen dute antolatzaileek eta joango diren ekitaldirako soilik hartzea eskatzen dute, bestela, joan nahi duten beste hainbat sarrerarik gabe gelditzea eragingo baita.

  Ekitaldi bakoitzaren ostean eremua guztiz hustu eta desinfektatuko da eta hurrengo saioa hasi baino 15 minutu lehenago irekiko da berriro. Jende pilaketak ekiditeko, sarrera eta irteerak errespetatzea eskatzen dute antolatzaileek. Musukoa derrigorrezkoa izango da ekitaldi guztietan eta segurtasun tartea nahiz gainontzeko segurtasun neurriak zorrotz beteko eta betearaziko direla zehazten dute.

  Aurten ez du txosnarik jarriko Atzeko kaleko jai batzordeak eta ekitaldi gunera ere ezingo da kanpoko edaririk sartu.
Atzeko kaleko jairik ez da izango aurten baina sortzaileei eta herritarrei keinu eginez, kultura ekitaldia antolatu dute larunbat arratsalderako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!