Kotoizko motxilak salgai jarri ditu Hotz Oñati taldeak

2020/11/30
Card image cap
Batutako dirua Moria2 errefuxiatuen kanpamenduan lanean diharduten GKEei bidaliko zaie

  Sentsibilizazio, aldarrikapen eta diru bilketa kanpaina berri bati ekin dio Hotz Oñati taldeak. Inor ez da ilegala mezua duten kotoi organikozko motxilak jarri ditu salgai herriko denda, enpresa eta ikastetxeetan. Salmentatik lortzen den dirua Lesbosera bidaliko da Moria2 errefuxiatuen kanpamendu berrian lanean ari diren Gobernuz Kanpoko Erakundeei.

  Gizaki orok merezi duen duintasuna eta errespetua aldarrikatzen du salgai jarri diren motxilotan irakurri daitekeen leloak,  Inor ez da ilegala leloak. Motxila bizkarrean, mezua, nonahi zabaltzea da helburua. Motxilekin batera gainera, egun Grezian bizi den neska afganiar batek kanpainarako propio idatzi duen mezua jasoko du erosleak. Gerrak eraginda bere jatorrizko herrialdetik kanpo jaio eta etengabeko migrazioan ibili eta gero, Grezian ere ilegaltzat jotzen dutela aipatzen da idatzian, migante-ilegal loturaren ondorioz. Baina familiarekin bizitzeko leku seguru bat izatea soilik eskatzen du eta horren aldarria egiten du idatzian.

  Hotz Oñatik herriko denda, enpresa eta ikastetxeetara jo du kanpaina zabaltzeko, hala, aipatu motxilak salgai daude jada, 15 euroren truke. Kotoi organikoz egindako poltsak bi koloretan daude, zurixka eta beltza. Saldutako motxiletatik lortutako etekina Lesbos uhartera bidaliko da oso-osorik eta aurreko kanpamendua erre ondoren eratu den Moria2 errefuxiatuen kanpamentu berrian lan egiten duten Gobernu Kanpoko Erakundeen artean banatuko da.

  Gabonetara begira Hotz Oñati taldeak abiatu duen kanpaina berria LAGUNDU KONTZIENTZIA SORTZEN izenpean kaleratu da. Orain bi urte Grezian errefuxiatuta zeuden haurren marrazkiz apaindutako katiluak saldu zituzten eta orain inor ez da ilegala aldarria duten motxilak eskaintzen dituzte. Denda edo ikastetxeetan ez ezik, Hotz Oñati taldeak  berak plazan jarriko dituen informazio mahaitan ere eskuratu ahal izango dira; abenduaren 12an, hileroko hitzordua betez postua jarriko dute eta 19an, Elkar Hezik antolatutako elkartasun azokan parte hartuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!