Korpusetako jai-egitaraua gertu dago

2016/05/17
Card image cap
Euskal Herriko "Auzoko Eguna", haur ikuskizuna eta disko festa izango dira, ohiko korpus dantzari eta domekako prozesioarekin batera

  Bihar hasiko dira banatzen datorren asteburuan ospatuko diren Korpus jaixen egitaraua. Korpus egitaraua, Auzoko Egunaren aurkezpen eta filme emanaldiaz irekitzen da. Berez, Euskal Herriko Auzoko Eguna zapatuan, maiatzaren 28an ospatuko den arren, aurkezpena, asteazkenean egingo da.

  Auzoko euskara, aniztasuna eta herritarrak uztartzen dituen egitasmo berezia da. Oñatin bezala, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere badira Auzoko taldeak eta guztien topagunea bihurtuko da Oñatiko plaza maiatzaren 28ko goizean. Herrialde ezberdinetako janariak, munduko jolasak, eskulan tailerrak, plaza dantzak eta abar eskainiko dira. Aukera paregabea Auzoko proiektua zer den ezagutu eta parte hartzeko.

  Korpus dantzarien asteburua ordea, bezperan, ostiralean hasiko da. Ohikoa denez, Korpus dantzen lehen agerraldia auzoetan egingo du Oñatz taldeak eta ikastetxeetara ere bisita egingo dute. Zapatuan berriz, kaleetan barrena ibiliko dira.

  Baina ostiralean, 19.00tan, Jose de Azpìazu Musika eskolako haize-egur taldearen kontzertua izango da Portu kaleko plazatxoan. Zapatuan arratsaldean berriz, Zirika zirkus taldearen  eskutik Txartlestrup, dantza, akrobazia, zirkoa eta umorea uztartzen duen  familia ikuskizuna eskainiko da plazan. Euria egingo balu, Santa Ana aretora aldatuko litzateke. Musika bandaren kalejiraren ondoren, disko festa izango da Foruen enparantzan. Kirola ere ez da faltako. Korpus bezperako Oñatiko herri lasterketa izango ez bada ere, Txopekuan, Gipuzkoako plater tiraketa txapelketa jokatuko da. Eta domekan, noski, ohiko prozesiño eta kontzertuak izango dira. Aurtengo Korpus egitaraua, Oñati Abesbatzaren 50. urteurreneko erakusketaz eta kontzertuaz osatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!