Korpusetako jai-egitaraua etxeetara banatzen ari dira

2018/05/28
Emakumeen herri lasterketa da aurtengo nobedade nagusia

  Goizean hasi dira banatzen asteburuan ospatuko diren Korpus jaien egitaraua herriko etxeetara. Korpus egitarauan jaso den lehen ekitaldia ostiralean irekiko den erakusketa da. Jerardo Elortzaren lanak bildu eta bistarazi nahi dituen erakusketa osatu du Artixa elkarteak. Kultur etxean ikusgai jarriko da ekainaren 1etik 8ra arte.

  Baina musika izango da beste urte batez Korpus programazioaren osagai nagusienetakoa, ostiralean bertan Domeketarrak taldeak kontzertua eskainiko du Portu kaleko plazan. Larunbatean musika bandaren kalejira eta disko festa izango da eta igandean, bandaren kontzertua eguerdian eta dantzaldia arratsaldean. Eta musika beharrezkoa da dantza egiteko ere. Korpus dantzariak izango dira ohikoa denez asteburuko beste protagonista batzuk. Ostiralean hasiko dira dantzan, goizez auzoetan eta arratsaldez herriko ikastetxeetan. Zapatuan berriz, kaleetan barrena ibiliko dira. Eta domekan, santuei eta prozesiñoari laguntzen nahiz Korpus dantza guztiak arratsaldez eskaintzen. Oñatz dantza taldeko gaztetxoek gainera, ongi etorria egingo diete Eusko Ikaskuntzako bazkideei larunbat goizean plazan, Santa Ana aretoan egingo duten batzarrera joan aurretik.

  Dantzariak fisikoki prestatu behar dira Korpus asteburu gogorrari aurre egin ahal izateko baina ez dira asteburuko kirolari bakarrak izango, Korpus bezperako Herri Lasterketak izango baitugu larunbatean, aspaldiko partez gainera, emakumezkoak ere erdi guneko kaleetan izango ditugu. 18:00tan emakumezkoen lasterketa egingo da eta 19:00tan gizonezkoena. Eguerdian gainera, haurrentzako lasterketak izango dira. Arratsaldeko 18:00tan baita ere, Barrutik jota familientzako ikuskizuna eskainiko da Etxaluzeko plazatxoan.

  Korpus egitarauak 9.500 €ko aurrekontua du aurten. Baina guk hitzez azaldutako egitaraua, laster eskuartean izango duzue etxeetara banatzen hasi baitira.

Iturria: Oñati Irratia