Korpus eta San Migeletan etorriko diren barrakak zehaztu dira

2019/06/03
Ekainaren 12an hasiko dira muntatzen Korpusetan plaza ondoan egongo diren barrakak

  Hainbat urteetan tratua AFADE Euskadiko ferialari autonomoen elkartearekin zuzenean egin eta gero, lurzoru publikoa okupatzeko lehiaketa bidez erabaki da aurten ere, Korpus eta San Migeletan etorriko diren barrakak.

  Korpus jaietan eta San Migel eta Errosarixo jaietan plaza ondoan beraien barraka edo kaseta jartzeko baimena duten ferialarien zerrenda osatu du udalak, adin ezberdineko herritarrei zuzendutakoen arteko oreka zaindu eta herritarren eskaera kontutan hartuta. Txurreria, globoen eta ahateen kasetak, uztai eta eskopeten tiro kasetak, Txikiparka, autogiroa, ohe elastikoak eta baby infantil deritzoten atrakzioak Korpusetan eta San Migeletan etorriko dira. Herriko bi jaialdi nagusietan aldea bi barrakek jarriko dute, Korpusetan, Barredora puzgarria eta Take off deritzona etorriko dira eta San Migeletan, horien ordez, Matxinsaltoa eta auto txokeak.

  Herriko jaietan barrakak ekarriko dituztela ziurtatzeko, eta lurzoru publikoa okupatuko dutenaren fidantza gisa, ferialari bakoitzak 350 euro ordaindu beharko ditu. Baina Korpus eta San Migeletan, atrakzioak hartuko duen eremuaren arabera, tasa ezberdina ordainduko dute. Guztira, Korpusetan, 4200 euro pasako diru sarrera izango du udalak, eta San Migeletan, kasik 5000 euro.

  Fidantza ordaindu ez ezik, segurantza sozialarekin eta foru ogasunarekin ordainketak egunean dituztela ziurtatzen duten agiriak eta aparatu mekanikoek inspekzio teknikoak gainditu dituztela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte ferialariek.

  Korpus jaietan barrakak ekainaren 12tik 24ra izango dira plaza ondoko jolas-gunean, eta San Migel eta Errosarixotan berriz, irailaren 18tik urriaren 8ra. Barraken txartela prezioa euro batean berriz, ekainaren 15ean eta irailaren 27an izango dira aurten. Gainontzeko egunetan, prezioa euro bat eta 80 zentimo izango da.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: DV)