Kontratazio publikoetan hizkuntza baldintzak txertatzeari buruz Osoko Bilkurak hartutako erabakia indargabetzea gomendatu du Foru Aldundiak.

2013/10/31
Proposamena, Espainiako abokatuak hainbat udal auzi bidean jartzearen ondorioz etorri da.

  Kontratazio publikoetan hizkuntza baldintzak txertatzeko ekimena, Gipuzkoako hainbat udal eta foru aldundiaren elkarlanetik sortu zen. Horren haritik zehaztu zen ordenantza behin behineko izaeraz apirilean onartu zuen Oñatiko udaleko Osoko Bilkurak. Jendeagirian egon zen 30 eguneko epean eta inolako alegazio edo iradokizunik jaso eta ekaineko plenoan behin betiko izaeraz onartu zen.

  Oñatikoaren antzera, Gipuzkoako zenbait udaletan beste horrenbeste egin zuten. Baina Espainiako abokatuak salatu egin ditu horietako batzuek. Gaiak hartu dezaken bidea aurre ikusiz, Diputazioak erabakia indargabetu eta alkatearen instrukzio bidez bideratzea gomendatu du.

  Segurtasun juridikoaren mesedetan, kontratazioetan hizkuntza baldintzak txertatzeari buruzko erabakia bertan behera utzi eta indargabetzea proposatzen du aldundiak. Baina horrek ez du esanahi hizkuntza baldintzak guztiz baztertuko direnik. Diputazioak, gaia bideratzeko alkate instrukzio bat egitea gomendatzen baitu. Instrukzio horrek orain arte erabilitako eduki berbera izango lukeelarik. Bide horrek hizkuntza irizpideak sistematikoki ezartzeko behar den irmotasuna izango luke eta instrukzioa ez betetzeak disziplinazko ardurak eragingo luke.

  Kontratazio publikoetan hizkuntza baldintzak txertatzeko ordenantza Osoko Bilkurak onartu zuenez, hau indargabetzea organo berberari dagokio. Gaia, biharko plenoan eztabaidatuko da eta onartuz gero, aurrerantzean gaia bideratzeko alkateak instrukzio jarraibide bat egitea ere proposatuko da.

  Kontratazio baldintzetan txertatu ziren hizkuntza irizpideek oinarrian bost alor ukitzen dituzte: zerbitzuko hizkuntza zein den, zerbitzuko kontratuetan enpresako langileei zer hizkuntz gaitasun eskatuko zaien, hizkuntza paisaiak nolakoa izan beharko duen, herritarrei harrera nola egingo zaien eta erakundeekin zer hizkuntza erabiliko duten. 

Iturria: Oñati irratia