Konfiantzaren Pedagogiari buruzko hitzaldiak antolatu ditu Txantxiku ikastolak

2016/10/19
Guraso berri nahiz 2-3 urteko haurren gurasoei zuzenduta bi hitzaldi sorta eskaintzen dira

  Haurra era autonomoan garatzeko duen gaitasunean konfiantza izatea da pedagogia berritzaile honen ardatz nagusia. Era berean, umearen erritmo biologiko, kognitibo eta emozionala errespetatzen du. Adin ezberdinetako haurrak harremanetan jarriz, elkarrekiko interakzioa bilatzen da, elkar lagunduz eta imitatuz ikasi dezaten. Proiektu hau behar bezala garatzeko, guraso eta hezitzaileek ideia eta filosofia partekatu behar dute eta horretarako gurasoen mintegiak antolatu dira ikastolan, iaz bezala.

  0 eta 1 urteko haurren mintegiak dinamizatzen ikastolako arduradun pedagogikoak arituko dira eta 2-3 urteko haurren gurasoentzako mintegi berrian, Rafael Cristobal doktorea arituko da gidari lanetan. Rafael Cristobal doktorea aski ezaguna da hezkuntza munduan. Arizmendi ikastolarekin batera Konfiantzaren Pedagogiaren sortzaile izan zen eta pedagogia eredu horren zabalkundean dihardu azken urteetan.

  Haurdun dauden nahiz urtebete arteko haurren gurasoei zuzenduta, iaz bezala, erritmo biologikoak, atxikimendu motak, banaketa, galera eta dolua, garapen kognitibo nahiz beldurrei buruzko mintegiak egingo dira. 2-3 urteko haurren gurasoei zuzenduta berriz, erasotzeko sena eta jabetzakoa, sozioalizazio eta gizartekotasunaren sorrera, kidetzeko sena, lagunarteko jokabide profilak eta familiako giroa edota kontzientzia morala eta bere jatorria izango dira jorratuko diren gaietako batzuk. Bi mintegi hauek, urrian hasi eta maiatza edo ekainera arte luzatuko dira. Hilean gai bat jorratuko da eta parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da Txantxiku ikastolan. Ikastaroak, 15 euroko kostua izango du familia eta saioko.

  Ostiral honetan bertan, 2 eta 3 urteko haurren gurasoei zuzenduta, Erasotzeko sena eta jabetzeko sena. Kulpa eta angustia mintegia osatuko da. Urriaren 28an berriz, eta guraso berriei zuzenduta, Lehenengo 6 urteen garrantzia. Erritmo biologikoak gaia jorratuko da.

Iturria: Oñati Irratia