Klasiko bihurtu den “Aloña ilunabarrean” mendi irteera egingo da larunbatean

2019/07/15
Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatu dute

  Aizkorri-Aratz parke naturala ezagutzera emateko mendi ibilaldien egitarauan urterokoa da Aloñara ilunabarrean egingo dena. Hori da ibilaldiaren ezaugarria, mendia ilunabarrean eta gauez ezagutzako aukera eskaintzen duela, eta horretarako, udako ilargi betea aprobetxatzen da. Bihar, ekainaren 16an izango da ilbete eta Aloña ilunabarrean mendi irteera berriz, larunbatean. Horrek, mendian bistaratu daitekeen ilunabar ikusgarrienetakoa ikusteko aukera emango die parte-hartzaileei.

  Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak antolatzen dituzten mendi irteerak igande goizetan egin ohi dira baina Aloñakoa, larunbatean eta 18.30tan abiatuko da. Mendizaleak, Gorgomendira igoko dira eta tontorrera, 21.00etarako iristea aurre ikusten da. Ordurako jada, eguzkia sartzen eta ilargia bistaratzen egongo dira. Aloñako aterpean afalduko da eta tontorretik Belarrera jaitsiko da. Bertako txabolan harrera egin ohi zaie mendizaleei eta kafetxo bat hartzeko aukera eskainiko zaie. Aloñatik Belarrera jaisteko eta bereziki, Belarretik Arantzazura iristeko, linterna edo argi fokoak eramatea gomendatzen da. Gau izartua izatea espero da baina beti ere, bidea seguruago egin ahal izango da argiak eramanda.

  Larunbatekoa, 10 kilometro eta 500 bat metroko desnibela duen ibilaldia izango da eta ez du aparteko zailtasunik antolatzaileen hitzetan. Beraz, edonork egiteko modukoa dela iragarri dute. Gainera, lasai egingo da, lauzpabost ordutan burutzea aurre ikusi baita, afaritarako eta Belarren egoteko hartuko diren tarteak barne hartuta. Afaria, norberak eraman behar du.

  Urtero antolatu ohi den ilunabarreko mendi irteera honek harrera oso ona du mendizaleen artean. Horregatik, parte hartu nahi dutenei, izena aurrez emateko eskatzen zaie. Arantzazuko Parketxera telefonoz deituta egin daiteke, zenbakia, hauxe da: 943 782 894.

Iturria: Oñati Irratia