Kiroldegiko zerbitzua hobetzeko hainbat proposamen aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/11/05
Card image cap
Igerilekurako garabi-eserlekua erostea edo argibide seinaleak berritzea eztabaidatuko da, besteak beste

  Kiroldegiko zerbitzuen irisgarritasuna hobetzeko helburuz, igerilekurako garabi-eserlekua erosteko proposamena aztertuko da arratsaldeko Gobernu Batzarrean. Garabi eserleku hau igerilekuan egongo litzateke, mugikortasun mugatua duten erabiltzaileek uretara sartu eta ateratzeko arazorik izan ez dezaten. Egun igerilekuan falta den tresna garrantzitsua da, bai errehabilitazio moduan bai erlaxatzeko helburuz, mugikortasun arazoak dituzten hainbat erabiltzaile hurbiltzen baita instalazioetara baina zaila gertatzen zaie, uretara sartu-irtena egitea.

  Zubikoa kiroldegiko seinaleak berritzeko asmoa ere azalduko da Gobernu Taldearen bileran. Dauden zerbitzu ezberdinak adieraziz, erabilpen arauak azalduz edota norabideak markatuz, hainbat kartel eta seinale dago gaur egun kiroldegian. Asko ordea, hondatuta edo zaharkituta daude. Seinale guztien diseinua bateratu eta berritzeko asmoz oinarriak zehaztuko dira arratsaldeko bileran.

  Gazteak emantzipatzeko diru laguntzen berri ere emango da batzarrean. Alokairuan bizi diren hogei gazte baino gehiagoren eskaerak jaso dira eta Udalak jarritako baldintzak beteta, diru laguntza jasoko dutenen berri emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. Diru laguntzen haritik bestalde, uraren ziklo integralaren integrazio planerako diru laguntzen gaia  zertan den ere azaltzekoa da.

  Udal Gobernu Taldearen bilerarako 21 gaiko lan zerrenda prestatu da. Liteke ordea, azken orduko beste gairen bat azaldu eta eztabaidatzea. Asteroko batzar hauen ordutegia aldatu egin da; orain arte, 18.00tan hasten ziren baina aurrerantzean,  17.00tan hasiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!