Kiroldegia eraberritu eta handitzeko proiektuaren idazketa eta lanen zuzendaritza lizitaziora atera ditu udalak

2018/05/07
Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 1ean amaituko da

  Zubikoa kiroldegiaren alde zaharra eraberritu eta behar berrietara egokitzeko exekuzio proiektuaren idazketa lizitaziora atera du udalak. Proiektuak bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, kiroldegi zaharra eraberritu, eraikin multzoaren teilatu eta terrazek dituzten ur sarrerak eta isolamendu gabezia eta egoera txarrean dauden instalazio zein akaberak konpontzeko; eta bestetik, udalak finkatutako beharren programa eta funtzionaltasun hobekuntza jasotzea, horretarako, barne antolamendu berria zein eraikinaren handitzea planteatuko direlarik, beharra izanez gero.

  Igerilekuan, ontzi handia eta txikiaren ur lamina handitzea eta sakonera egokitzea da helburu nagusi, egungo erabilera maila altuari erantzun ahal izateko. Igerileku handiak gutxienez 8 kale izan beharko lituzkeela zehazten du lizitazioaren klausula teknikoen plegoak. Baina obraren aurrekontua nabarmenki handitu gabe, 9. kale bat egokitzea aurre ikusten duten proposamenak baloratuko direla aipatzen da. Era berean, igerilekuei lotutako zerbitzu eta instalazioak, hau da, aldagelak, sorosle gela, sauna eta abar, antolatu beharko dira barne zirkulazio eta erabilera funtzionala izan dezaten. Gainerako kirol instalazioen berrantolaketa ere jaso beharko du exekuzio proiektuak.  Fitness gela handitu, padelerako bi pista estali edota ekintza gidatuetarako areto berriak egokitu beharko dira. Gainera, kantxa berdea eta pilotalekua, harmailak barne, eta 3 squash-kantxetatik bi, gutxienez, eraberrituko dira. Zerbitzu orokorreko espazioak, sarrera, kontrol kabina, bilera gelak, aldagelak, bulegoak, komunak eta abar berrantolatuko dira.

  Kiroldegia eraberritu eta handitzeko proiektua idazterakoan eraginkortasun energetikoa hobetzeko neurriak eta oro har, azpiegitura eta instalazioek egungo araudia betetzen dutela ere bermatu beharko da.  Baina proiektu teknikoa idatzi ez ezik, gero lanen zuzendaritza ere egin beharko du lizitaziora aurkezten den enpresak. Udalak, balizko enpresa horien talde teknikoen gutxieneko esperientzia tekniko eta profesionala mugatu du deialdian eta azken 10 urteetan, antzerako obra bat proiektatu eta zuzentzeko esperientzia izatea eskatzen du.

  Asistentzia teknikorako kontratuaren gehienezko prezioa 350.000 eurotan finkatu du udalak eta landuko den exekuzio proiektuaren obrek ezingo dute 4 milioi euroko aurrekontua gainditu. Lanaren pisu ekonomikoa gogoan, deialdia Europako boletinaren bitartez zabaldu da. Proposamenak aurkezteko azken eguna ekainaren 1a izango da. Lanak esleitu ondoren berriz, eskatutako exekuzio proiektua osatzeko lau hilabeteko epea izango da.

Iturria: Oñati Irratia