Oñatiko udala

Kiroldegi aurrealdeko errepidea itxiko da bihar, 9:00tatik 10:00tara

2021/03/09
Card image cap
Bihar lekuz aldatuko den fokodun euskarria
Ikastola aurrealdeko fokodun euskarria lekuz aldatuko da

  Kiroldegi aurrealdeko argiztapena hobetzeko lanen baitan kokatzen da bihar egingo den farolaren leku-aldaketa eta horren ondoriozko errepide mozketa.

  Kamioi berezia behar da ikastola aurrealdean dagoen fokodun euskarria lekuz aldatzeko. Egungo lekutik askatu eta kokapen berrira eraman eta lotzeko ordubete beharko dela kalkulatu dute udal brigadako arduradunek. Maniobra ahalik eta arinen eta seguruen egiteko helburuz, kiroldegi aurrealdeko errepidea ordubetez itxiko da bihar, 9:00tatik 10:00etara. Ordu tarte horretan ezin izango da ibilgailuz joan Bidebarrieta kaletik San Juan kalera ezta kontrako norabidean ere. Errepidea, azoka ondoko biribilgunetik anbulatorio aldameneko biribilgune bitartean itxiko da.

  Bigarren lan bat ere egingo da bihar inguruan,bi kaseta muntatuko baitira azoka ondoan. Larunbatetako azoka berrantolatzen amaitzeko azken urratsa da: azokatik kanpo geratu ziren fruta-saltzaileentzat bi modulu jarriko dira, azoka eraikinaren aldamenean, azoka eta pilotalekua bitartean dagoen plataforman. Kasetak ekarriko dituen kamioia Txaketuako bidegurutzetik azoka ondoko jolasgunera sartuko da, plaza zeharkatuta. Lanok bihar goizean egin asmo dira eta amaitu bitartean ikastolako neska-mutikoek ezingo dute jolastokia erabili.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!