Kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko diru laguntzen oinarrietan euskara lehenestea legezkoa dela ebatzi du Donostiako epaitegiak

2015/07/14
Card image cap
Estatuko Abokatuak Oñatiko Udalaren kontra jarritako helegitea atzera bota du

  Gaia, iaztik dator. 2014ko urtarrilaren 30eko Osoko Bilkuran, kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko diru laguntzak emateko oinarriak onartu ziren. Bertan, besteak beste, euskarari dagokionean Udalak ezarritako irizpideak zehazten ziren eta diru laguntzen hartzaileek jarduerak iragartzerakoan euskarari lehentasuna eman beharko ziotela aipatzen zen. Euskara lehenestea legez kontrakoa zela argudiatuz Udalaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Estatuko Abokatuak. Oñatiko araudian Gernikako estatutua eta Espainiako konstituzioaren hainbat artikulu urratzen zirela aipatuz.

  Helegitea, Donostiako epaitegian aztertu da, administrazioarekiko auzien 3. zenbakiko epaitegian aztertu da, hain zuzen ere, eta ekainaren 18an emandako sententziak Oñatiko Udalari arrazoia ematen dio. Sententzian azaltzen denez, udalek badute kirol aroko diru laguntzak emateko konpetentziarik eta Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza koofizial egonik, horietako bat lehenestea ez da legez kontrakoa. Beraz, euskarari lehentasuna ematea bidezkoa da. Bigarren argudio honek, Estatuko Abokatuaren arrazoiketa ezerezean uzten du eta ondorioz, Oñatiko Udalaren kontrako helegitea atzera bota du. Auzia dena den, ez du amaitutzat ematen eta hala baderitzo, Estatuko Abokatuak sententzia errekurritu dezake.

  Ez da lehen aldia Estatuko Abokatuak euskara dela eta Oñatiko Udalaren kontra jotzen duela. Aktak euskara hutsean aurkezteagatik ere Udala salatu zuen eta gaia epaitegietan dago. Oñati ez ezik, beste hainbat udal ere arrazoi beragatik auzibidean jarri zituen Estatuko Abokatuak eta Eusko Jaurlaritzak babesa adierazi zien, orain Donostiako epaitegiak azaldu duen argudio berbera emanez, alegia, euskara eta gaztelera hizkuntza koofizialak izaki, batak zein besteak balio maila berbera dutela eta bat lehenestea legezkoa dela. Aktak euskara hutsean aurkezteagatiko helegitearen inguruan dena den, oraindik ez da sententziarik eman.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!