Katastroari buruzko informazio bulegoa egokitu da udaletxean

2016/10/26
Informazioa edota aurrez aurreko elkarrizketarako txandak, 943 783488 telefono zenbakian emango dira

  Gipuzkoako Foru Ogasunak, hiritar izaerako ondasun higiezinen katastro-balioak berrikusi ditu. Lurzoru eta eraikin erresidentzial, industrial eta zerbitzuetakoen katastro balioak eguneratu dira. Balio berriei dagozkien komunikazioak iristen hasi dira jada eta datozen bi asteetan zehar halako ondasun baten jabe diren gipuzkoar guztiek jasoko dute. Oñatin, orokorrean, lurzoru eta eraikin erresidentzialaren balio katastrala % 8.20 igo da eta industria eta zerbitzuetako ondasunen balio globala aldiz, % 24.27 jaitsi da.

  Foru Aldundiaren komunikazioetan ondasunen balio katastral eguneratuen berri ematen zaie Oñatiko jabeei. Zalantzaren bat duenak, kastastroari buruzko informazio bulegoan galdetu dezake, 943.783488 telefonora deituta. Era berean, katastro-balioa oinarri duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren, Kontribuzioaren 2017an kuota ere jakinaraziko digute. Orokorrean, eta aurtengoarekin alderatuta, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan % 2ko igoera izango da Oñatin. Hori da behintzat biharko Osoko Bilkurara eramango den proposamena.

  Telefono bidezko harremanaz haratago aurrez aurreko bilera edo elkarrizketa nahi duen herritarrak izango du horretarako aukerarik informazio bulegoan. Aurretik, dena den, txanda eskatu behar da. Informazio bulegoa udaletxeko areto nagusian kokatu da baina beste udal zerbitzuei eragin ez diezaien, modu autonomoan funtzionatuko du, arreta ordutegi eta telefono zenbaki berezia izango duelarik. Dagoeneko martxan den katastroari buruzko informazio bulegoa, astelehenetik ostiralera, 10.00tatik 14.00etara eta 17.00tatik 19.00tara irekiko da. Larunbatean berriz, 9.00etatik 13.00ra. Informazio bulegoa, hiru bat hilabetez mantentzea aurre ikusten da.  

Iturria: Oñati Irratia