Kataluniako erreferenduma hizpide izango da berriro arratsaldeko Osoko Bilkuran

2017/09/27
Card image cap
Gure Esku Dago taldeak aurkeztutako idatzia mozio gisa aurkeztuko da, udalbatzako bi taldeen babesaz

  Bozkatzeko askatasuna jokoan dagoela eta erabakitzeko eskubidea erabiltzearen kontrako jarrera errepresiboak kezkagarria dela dio idatziak, Kataluniako herriari eta urriaren 1eko erreferendumari babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera.
Zentzu berean, astebeteko epean Kataluniako erreferendumaren aurrean udalbatzak aztertu eta bozkatuko duen bigarren mozioa da. Pasa den ostiralean bi udal taldeek adostutakoa aurkeztu zen eta gaur Oñatiko Gure Esku Dagok eskatuta, bi taldeen babesaz aurkeztuko da.

  Mozio idatzia Osoko Bilkurarako osatu den gai zerrendako azkena da, aurrez, Dolaetxe areako eraikigarritasuna handitzea, udal artxiboko  dokumentazioaren suntsiketa-plana eta Olaburuko lokal baten kontratu amaiera eta luzapen eskaera proposatuko da, besteak beste. Olakuako dorrean kokatuko den Cowork guneko araudiaz ere berba egingo da. Uztaileko Osoko Bilkuran behin behineko izaeraz onartu ondoren, eta alegazioetarako epea beteta, araudia behin betiko onartzea proposatuko da. Azken asteetan alkate dekretuz onartutako gaien berri era emango da gaurko bilkuran.

  Ohiko Osoko Bilkura izango da gaurkoa, nahiz eta egunez aurreratu den. Hileko azken ostegunez egin ohi da Oñatin Osoko Bilkura baina jaiak tarteko, irailekoa aldatu egiten da. Kasu honetan, egun batez aurreratu da eta gaur, 19:30tan egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!