Kalegoiena plazako haur jolas-gunea estali eta plaza zati batean birmoldatzeko proiektua onartuta, lanak publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitzea erabaki du udalak.

2012/10/23
Prozesua abian da jada.

  Izan ere, lanak lehenbailehen hastea nahi da, obren kontrataziorako deialdian, obrak, bi hilabeteko epean egin eta beti ere, abenduaren 31rako amaitzeko baldintza jarri baita.

  LKS ingenieria kooparatibak egin duen proiektuaren arabera, Kalegoienako jolas gunea estali eta inguruak birmoldatzeko lanak bi fasetan egitea aurre ikusten da.

  Orain egingo den lehen fasean, lurpeko aparkalekuaren ertzean espazio berde bat sortuko da, jolas-gune berriaren inguruan jesarlekuak jarriko dira eta egungo ume-jokoak berrantolatuko dira, batzuk lekuz aldatuz. Kautxu zoladurazko zona berria egingo da eta ingurua, ehun estalki batez estaliko da. Horretarako noski, beharrezko zimendatze elementuak jarri beharko dira. Estalitako espazioa argituko da eta plazako argiteria sarearen zati bat ere egokituko da.

  Gerora egingo den bigarren fasean, argiteria sarea egokitzeko lanak osatuko dira eta inguruan lorategi berria eratuko da. 

  Orain, kontratatuko diren lanok, ia 190 mila euroko aurrekontua dute. Litekeena da ordea, esleitze prozesuan diru kopuru hori merkatu ahal izatea, lanak adjudikatzeko erabiliko den irizpide nagusia, proposatutako prezioa izango baita.

  Udalak, dagoeneko, eraikuntza arloan diharduten hainbat enpresei lizitazioan parte hartzeko gonbidapena luzatu die. Jasotzen diren eskaintzak aztertuko dira eta lanak, lehenbailehen esleitzeko asmoa dago. Obrak ere, lehenbailehen hasi behar baitira. Abenduaren 31rako amaitu beharko direla eta 2 hilabeteko epea finkatzen dela kontutan hartuta, azaro hasierarako martxan jarri beharko baitira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!