Kalean gertatutako bi lapurreta salatu dira azken astean gurean.

2014/05/22
Lehena, pasa den asteazken arratsaldean Postetxeko autobus geltokian eta bigarrena, domeka goizaldean Kalegoiena inguruan.

  Bi kasuetan, biktimak neska gazteak izan ziren eta indarkeria eta mehatxua erabili ziren.

  Berriena izanagatik, domeka goizaldera gertatutako lapurretaren berri jaso zen lehenik udaltzaingoan, salaketa bertan egin baitzen. Bestea, pasa den asteazkenean gertatu zen Postetxe aurrealdeko autobus geltokian eta biktima Zumarragako ikasle bat zenez, hara iritsitakoan, Zumarragako ertzain etxean jarri zuen salaketa.

  Mondragon Unibertsitateko ikasle hau autobusaren zain zegoen, mutil gazte bat hurbildu eta poltsatik tira eginda lapurtu zionean. Poltsan, dirua, dokumentazioa eta sakeleko telefonoa zituen, besteak beste.

  Zapatutik domekarako gauean berriz, goizaldeko 4ak inguruan, etxerako bidean zihoan beste neska gazte batek lapurreta izan zuen. Sudadera beltz batez eta honen txanoa jarrita zuela mutil gazte batek erasotu zuen. Puntadun objektu batez mehatxatu zuen eta zeukan dirua emateko agindu zion. Gainean zeramatzan 30 euroak eman zizkion eta mutila ihesi joan zen. Bigarren lapurreta hau Kalegoiena inguruan gertatu zen, hurrengo neskak udaltzaingoan salatu zuenez.

  Bi neskak oso urduri zeuden eta ezin izan dute lapurraren inguruan argibide handirik eman. Badirudi, bi kasuetan 1.70-1.75 m. bitarteko gazteak izan direla erasotzaileak eta pentsa liteke, pertsona berbera izan dela bi kasuetan baina hain datu gutxirekin ez dago hori ziurtatzerik.

  Oñatiko udaltzaingoan domeka goizean jaso zuten salaketa Ertzaintzaren esku utzi da eta Zumarragan jarritakoarekin batera ikertzen ari dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!