Kale zaharra eta Lizaur kaleko ur hoditeria berritzeko lanak Posta bulego aurrealdera iritsi dira.

2014/03/05
Errepidea zulatzen ari dira eta Enpresagintza Fakultatetik edo Lizaur kaletik doazen autoak CEGASA aurrealdeko errotondan buelta emanda saihesbiderantz desbideratzen dituzte.

  Goizean zehar autobus geltoki aldeko errepide erraila zulatzen aritu dira. Horrek ez du autobus zerbitzuan ondoriorik izan eta geltokiraino normaltasunez sartu dira ibilgailuak. Baina buelta bertan hartzen ari dira eta horretxegatik, posta bulego aldeko karrila maniobrak egin edota Unibertsitate etorbidetik datozen autoei bidea emateko gorde da.

  Horrek esanahi du bestaldetik, Lizaur kaletik edota M.U. edo CEGASA aurrealdetik datozen ibilgailuak errotondan buelta eman eta Ibarratik gora saihesbiderantz bideratzen direla.

  Inguru horretan lanak eta ondorioz, trafikoa desbideratzea aste osoan mantenduko da gutxienez. Orain zulatzen ari diren errailean lanak eginda txapaz babestuko duten arren, ondoren, posta bulego aldeko erraila zulatu beharko baita. Zapatu eta domekan zuloak txapaz estaliko dira baina hoditeria aldatzeko lanak amaitu ez badira, datorren astelehenean berriro norabide bateko trafikoa mugatuta egongo da. Hori hala izango denik dena den, oraindik ezin dugu ziurtatu.

  Kale zaharra eta Lizaur kaleko ur edangarri hoditeria eta zenbait lekutan saneamendu hoditeria berritzeko lanek ez dute aparteko trafiko arazorik sortu orain arte. Lanak, errepidearen alde batetik egin dira eta gune batzuetan, autoen joan etorria semaforo bidez bideratu da baina aparteko arazorik sortu gabe, esan bezala. Postetxe aurrealdeko mugaketa ere egun gutxitako kontua izatea espero du Udaltzainburuak.

  Azaroa inguruan Kasablankan hasi ziren ur hoditeria aldatzeko lan hauek, justu posta-bulegora bitartean egingo dira.

  Edateko ur garbiaren hoditeria eta bestelako azpiegitura hoditeria batzuk berritu ondoren Kale Zaharrak eta Lizaur kaleak bat egiten duten inguru horretan oso kaltetuta dagoen errepidearen zoladura ere konponduko da. Asfaltoa oso hondatuta dago, zulo handiak daude eta konpondu beharra dago.

  Hoditeria aldatu eta ondorengo asfaltatze lanak egiteko beraz, oraindik aste batzuk beharko dira.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala