Kale garbitzaileek beren lanpostuen defentsan mobilizazioak hasi dituzte

2015/12/30
Zerbitzua berreskuratuta Udalak iragarri duen lan eskaintza publikoaren ondorioz kalean geratuko direla salatu dute

  ELA sindikatuaren bitartez eman dute beren egoeraren berri egun FCCko langile diren 9 kale garbitzailek.
Urteak daramatzate kale garbitzaile lanetan, zenbaitek 15, 17 edo 23 urte daramatzate zeregin horretan. Esperientzia beraz ez zaie falta baina zaila ikusten dute oposizio lehiaketa publiko bat gainditzea, batzuek ez baitute eskola graduaturik ere, ELAko ordezkariek jakinarazi dutenez. Horretxegatik, dagoeneko zerbitzuan ari diren langileen eta dituzten lan baldintzen subrogazioaren alde borrokatuko dutela adierazi dute kale garbitzaileek.

  Udalak, 2016an, kale garbiketa zerbitzua berreskuratzeko asmoa du. Egun FCC enpresaren bidez ematen den zerbitzu hau, urritik aurrera udalaren eskura bueltatzea da asmoa. Horretarako, dagokion pertsonal gastua jaso da datorren urteko udal aurrekontuetan eta 2016ko lan eskaintza publikoan 10 kale garbitzaile kontratatzea ere aurre ikusi da.

  Udal arduradunek eta kale garbiketa zerbitzuan dihardutenek hainbat bilera egin dituzte. Hasieran, egungo langileak kontutan hartuko zirela esan zitzaien arren, azken bileran lan eskaintza publikoa zabaltzea ezinbestekoa zela esan  zitzaien, beti ere ELAk jakinarazi duenez. Hurrengo bilerara, sindikatuko herrialde mailako ordezkariekin joango direla iragarri dute.

  FCCko kale garbitzaileek bizi duten egoera eta ezinegonaren berri eman dute kalean jarri diren informazio orri eta pankarten bidez. Mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute eta urtarrilaren 14rako plazan elkarretaratzea egitekotan direla aurreratu dute baina guztiz konfirmatu gabe.

Iturria: Oñati Irratia

(Argazkia: Diario Vasco)