Kale garbiketako arduradun plaza osatzeko hautaketa prozesuan merituen agiriak aurkeztu behar dira

2017/06/28
Azterketaldian dihardutenek uztailaren 4ra arteko epea dute egiaztagiriak udal bulegoetan presentatzeko

  Kale garbiketako arduradun lanpostua oposizio lehiaketaz beteko da. Oposizio edo azterketaldia martxan da eta lehiaketa fasean baloratuko diren merituak egiaztatzeko epea zabaldu da gaur. Lehen azterketa teorikoa gainditu zuten sei hautagaiei aurrez adierazi zituzten merituak egiaztatzeko agiriak presentatzea eskatu zaie. Astebeteko epea izango dute horretarako, uztailaren 4ra arte. Epea, 14:00tan amaituko da. Lehiaketa fase honetan lan esperientzia eta formazio osagarria baloratuko da.

  Pasa den asteazkenean, hilaren 21ean egin zen kale garbiketa arduradun lanpostua osatzeko azterketa  praktikoa. Azken froga horren emaitzak ez dira argitaratu oraindik, baina bitartean, merituak balioesteko prozesua abian jarri da. Azterketaldia osatzeko bi proba gelditzen dira oraindik, psikoteknikoa eta azken elkarrizketa. Horiek noiz izango diren ere ez da erabaki.

  Udalak iazko urrian bereganatu zuen kale garbiketa zerbitzua eta hainbat langile kontratatu zituen arren, ofizialki behintzat ez dago zerbitzu arduradunik. Hutsune hori osatu asmoz abiatu zen kale garbiketako arduradun plaza betetzeko eskaintza publikoa.

Iturria: Oñati Irratia